Itxi

Bakea eta bizikidetza

PPk berriro eskatu du 'Herenegun' unitate didaktikoa erretiratzea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak aldaketak egin ditu programa horretan, biktima gehiagoren testigantzak sartuta, baina, hala ere, "ETAren existentzia justifikatzen du", Alfonso Alonsoren ustez.

Alfonso Alonso artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Alfonso Alonso Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidenteak berriro eskatu du 'Herenegun' unitate didaktikoa erretiratzea, "ETAren proiektu politiko totalitarioari aurre egiten ez zaiolako".

'Herenegun' programa Euskal Herriko gatazkari buruzko unitate didaktiko bat da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago.

Biktimen hainbat elkarteren eta alderdi politiko guztien kritikak jaso ostean, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketak abiatu zituen, eta prozesu horretan egindako ekarpenekin moldaketak egin berri ditu aipatu programan. Zehazki, profil ezberdinetako biktimen testigantza gehiago sartu ditu.  

Materiala hainbat testuz eta bost bideoz osatuta dago. Mota ezberdinetako indarkeriaren biktimen testigantzak, ETAko kide ohienak eta ordezkari politikoenak biltzen ditu.   

Alonsoren ustez, "bertsio berria onartezina da oraindik, ez dituztelako ezker abertzaleko kideen testigantzak kendu". "Otegi bide demokratikoekin konprometituta dagoen pertsona gisa aurkezten dute, baina oraindik terrorismoa gaitzetsi gabe eta ETAk defendatzen zuen proiektu antidemokratikoari uko egin gabe segitzen du", erantsi du.

Biktima gehiagoren testigantzak sartu badituzte ere, "kontakizuna berdina da" eta "ezker abertzaleko buruzagien adierazpenak mantentzen dira", salatu du.

"Nolabait, ezker abertzalearen bide-orria justifikatzera dator, eta ez dio ETAren proiektu politikoari aurre egiten. Aitzitik, bideoren batean ETAren existentzia justifikatzen da, erresistentziarako eskubidea aipatuz, eta helburuak bide okerretatik defendatu zirela esan arren", gaineratu du.  

Erkoreka: "ETAren indarkeriari zilegitasuna kentzen zaio"

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea Alfonso Alonsok esandakoekin harrituta agertu da, 'Herenegun' programak "ETAren indarkeriari eta terrorismoari argi eta garbi kentzen diolako zilegitasuna".  

"Ordu asko eman ditugu edukiak eta erakundeek nahiz norbanakoek egindako ekarpen guztiak aztertzen, eta programa berriak ez du originalaren antz handirik", adierazi du.

Aldaketa asko egin direla azpimarratu ostean, Erkorekak esan du udaberrian, proba moduan, programa hori zortzi ikastetxetan jarriko dutela martxan, eta ondoren balorazio bat egingo dutela.  

"Balorazio horren emaitzak esango digu zerbait gehiago aldatu behar den edo ez. Baina dagoeneko ziurtatu dezakeguna da programak ETAren indarkeriari eta terrorismoari zilegitasuna kentzen diola", nabarmendu du. 

Albisteak (2)