gobernu osaketa
EH Bilduk eta ERCk oinarriei galdetuko diete zer egin Sanchezen inbestidura saioan
EITB.EUS
Koalizio abertzaleak batzarra deituko du inbestidura eztabaidaren data jakin bezain laster, eta ERCk dagoeneko iragarri du astelehenean, hilaren 25ean, egingo duela kontsulta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk eta ERCk jakinarazi dutenez, azaroaren 10eko hauteskunde orokorren ondotik egingo den inbestidura saioan emango duten botoaren inguruko kontsulta egingo diote militantziari.
EH Bilduk ohar batean azaldu du Mahai Politikoak botoaren inguruko erabakia hartzeko prozedura onartu, eta azken erabakia oinarrien esku uztea zehaztu duela gaur.
Oharrean diotenez, "behin inbestidura saioa noiz egingo den jakiten denean, batzarra deituko du EH Bilduk, eta bertan hartuko dute erabakia ezkerreko indar subiranistaren oinarriek. Aldi berean, batzar horretan parte hartzeko deia egingo die EH Bilduk azken hauteskundeetan indar subiranistan beren konfiantza jarri zuten herritarrei. Botoaren zentzuaren inguruko proposamena prestatuko du aurretik Mahai Politikoak, batzar horretara eramateko. Mahai Politikoak egindako proposamena onartu edo ez erabakiko dute ezkerreko indar subiranistako oinarriek".
ERC
Bestalde, ERCk datorren astelehenean bertan, azaroaren 25ean, egin nahi dio kontsulta militantziari.
Miltanteek elektronikoki parte hartu ahal izango dute kontsultan, eta galdera honi erantzun beharko diote, Efe albiste-agentziak ERCko iturriak aipatuta jakinarazi duenez: "Ados al zaude Pedro Sanchezen inbestidura errefusatzearekin, aurretik ez badago akordiorik Estatuko gatazka politikoa negoziazio mahai baten bitartez konpontzeko?".
9:00etan jarriko da martxan kontsulta elektronikoa, eta 20:00etan amaituko da. Hala, 20:30erako emaitzak ezagutaraziko dituzte.
ERCren 13 diputatuak erabakigarriak izan daitezke Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzen badute, edo abstentzioa ematen badute.
ERCko eta JxCat-eko ordezkariek lehenengo bilera egin dute gaur Pedro Sanchezen inbestiduraren aurrean estrategia adosteko, baina ezezkotik abiatuta.
Sanchez
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "datozen asteetan" blokeoa amaituko dela eta egonkortasun "aro berria" irekiko dela espero du, "desadostasunak eta ezinikusiak gutxitzeko" eta "politikak politikarekin berriro bat egin dezan".
Enpresa Familiarraren Europako Kongresuan adierazi duenez, lau urtetan lau hauteskunde orokor izan ostean, "Espainiak egonkortasuna behar du lehenbailehen".
Pablo Iglesias Podemosen buruarekin sinatutako ituna aipatu ez badu ere, bide horretan "urrats erabakigarria" egin dutela azpimarratu du.