Itxi

Autogobernua

Estatus berriari buruz adostutako testua aldatu izana leporatu dio Otegik EAJri

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Salatu duenez, EAJk “beste akordio bat” egin du PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin, erabakitzeko eskubidea jasotzen ez duena. Horregatik, EH Bilduk, PPk bezala, proposamen propioa aurkeztuko du.

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak salatu duenez, EAJk ez du garbi jokatu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean koalizio abertzalearekin adostu zuen estatus berrirako akordioa aldatzeko, eta "beste akordio bat" egin du PSE-EErekin eta Elkarrkein Podemosekin aditu taldea osatzen ari den testu artikulatuaren inguruan.

ETB1en egindako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, EAJk eta EH Bilduk Estatuarekin "harreman konfederala" sustatzeko oinarriak jasotzen zituen akordioa egin zuten, "erabakitzeko eskubidea eta burujabetza" barne hartzen zituenak, baina azkenean "akordio hori aldatu eta Konstituzioak markatzen dituen mugetara egokitutako estatutu erreforman geratu da".

"EAJk akordio hori aldatu du PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin, aditu batzordearen bidez. Legebiltzarraren agindu argia zegoen, oinarri horiekin etxea eraikitzekoa, eta azkenean ez da hori egin, aldatu egin da", kritikatu du.

Eusko Jaurlaritza

Horren harira, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak uste du ez dela "txalogarria" EH Bilduk "etsi" egin izana eta estatus berri baterako testu artikulatuaren idazkuntzan "lan partekatua" utzi izana.

Era berean, azpimarratu du komeni dela ahalik eta talde gehienek bat egiten autogobernuari buruzko lantaldeko adituak egiten ari diren erreforma dokumentuaren inguruan, hala "zabalagoa" izango delako adostasuna Estatutua erreformatzeko.

PP

PPri dagokionez, Alfonso Alonsok esan du Autogobernuko Lantaldean "adostasuna ezinezkoa" dela, eta ohartarazi duenez, EH Bilduk "gehiago nahi duen arren, EAJk eskuartean duen testuak ez du tokirik Konstituzioan", eta "legearen harresiarekin talka" egingo du.

Onda Vasca eta Onda Cero irrati kateetan egindako elkarrizketetan, Alonsok Autogobernu Lantaldea izan du hizpide, eta esan du ikusteko dagoela azkenean ze testu aterako den, baina oraingoak "autodeterminaziorako eskubidea" aitortzen duela.

Hala, uste du "ezinezkoa" izango dela adituen testu artikulatuaren inguruko adostasuna lortzea 30erako, eta azkenean "testu desberdinak” aurkeztuko direla, tartean PPren "boto partikularra".

Albisteak (3)