ESPAINIAKO GOBERNUA
Sanchezen inbestidura negoziatzeko lan-taldeak adostu dituzte ERCk eta PSOEk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oraingoz, negoziazio mahaian eseriko direnen izen abizenak bakarrik zabaldu dituzte, bestelako xehetasunen berri eman gabe.
Alderdi independentistak erabakigarriak izango dira Pedro Sanchez sozialistak presidente karguan jarraitu nahi badu, eta azaroaren 10eko hauteskundeen amaitzak jakin orduko hasi zen PSOE ate-joka. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiarekin gobernu-koalizioa osatzeko aurreakordioa sinatu badute ere, ERCko 13 diputatuen botoaren norabideak baldintza dezake prozesu osoa.
Azken orduotan ERCko iturriek jakitera eman dutenez, hitz egiten hasteko abiapuntua jarri dute PSOEk eta ERCk, Sanchezen inbestidura negoziatzeko lan-taldeak adostuta. Hala, Adriana Lastra PSOEko idazkari nagusiordearekin eta Gabriel Rufian ERCko Kongresuko eledunarekin negoziazio mahaian nortzuk eseriko diren erabaki zuten atzo iluntzean bi aldeek.
Marta Vilalta eta Josep Maria Jove ERCko idazkari nagusiaren ondokoa eta kontseilu nazionaleko presidentea, hurrenez hurren, izango dira Rufianen alboan eseriko direnak. Mahaiaren beste aldean, berriz, Lastrarekin batera, Salvador Illa PSCko antolakuntza idazkaria eta Jose Luis Abalos PSOEko antolakuntza idazkaria edo Carmen Calvo jardunean dagoen Espainiako Gobernuko presidenteordea jarriko dira.
Halere, ERCk astelehenean bere militanteei Sanchezen inbestiduraren inguruan egingo dien kontsultaren emaitzaren zain daude denak, ezertan hasteko.
Bere aldetik, Isabel Celaa Espainiako Gobernuko jarduneko bozeramaileak ez zuen atzo hitz erdirik esan ERCk negoziazioa abiarazteko mahai gainean jarri duen baldintzari buruz: Kataluniako gatazkari buruz hitz egiteko negoziazio mahaia sortzea.