Itxi

Nafarroa

Chivitek aurrekontuak negoziatzera gonbidatu ditu Navarra Suma eta EH Bildu

agencias | redacción

Leer en Castellano

Inbestidurarako, uko egin zion koalizio abertzalearekin hitz egiteari, baina orain gonbidatu egin du; izan ere, gehiengo osoa behar dute Parlamentuan onartzeko.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuaren presidentea. Argazkia: Efe

Maria Chivite Nafarroako Gobernuaren presidenteak gutunak igorri dizkie Navarra Sumari eta EH Bilduri datorren urteko aurrekontuez eta fiskalitateaz negoziatzera gonbidatzeko.

Negoziazio horretan adostasuna lortzeko prestutasuna izango dute bi alderdietako ordezkariek, Nafarroako Parlamentuan bozeramaileek jakinarazi dutenez.

Chiviteren gonbidapenak PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen oniritzia jaso du, badakitelako gutxiengoan daudela Parlamentuan, eta babesa behar dutela zerga erreformak edo 2020ko aurrekontuak onartzeko. Ezkerrak, berriz, Navarra Suma kanpoan utzi nahi du.

"Beharrezkoa zen elkarrizketa eta negoziazio espazio bat gutxiengoan dagoen gobernu batentzat", adierazi du Bakartxo Ruiz EH Bilduren bozeramaileak, koalizioa bileretara "entzutera, ekarpenak eta proposamenak egitera, eta akordio ezkertiar eta aurrerakoia lortzeko negoziazioa aurrera eramatera" joango dela argitu aurretik.

Horren harira, "egoki" ikusten du "negoziazioa Gobernuak egitea", eta ohartarazi du "aurrekontu aurrerakoiak nahi badituzte, aukera bakarra EH Bilduren babesa" edukitzea dela, Navarra Sumak "oso bestelako lehentasunak" dituelako.

Gogorarazi behar da Chivitek ez zuela EH Bildurekin hitz egin nahi izan inbestiduraren negoziazioan, baina oraingoan sartu du elkarrizketetan.