EAE-ko Estatutu berria
EAJk eta Elkarrekin Podemosek erabakitzeko eskubidea xedapen gehigarrian sartuko dute
eitb.eus
Erabakitzeko eskubidea bi formulaziorekin agertuko da xedapen gehigarrian. PSE-EEk, berriz, bi planteamenduen aurkako zuzenketa aurkeztuko du.
EAJk eta Elkarrekin Podemosek aukeratutako adituek erabakitzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutu berri baterako testu artikulatuaren xedapen gehigarrian sartuko dute, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik jakitera eman duenez. Alabaina, formulazioarekin ez datoz bat eta bakoitzak bere testua jarriko du.
Adituen batzordeak goizean egin du bilera eta astelehenean eramango dute Eusko Legebiltzarrera Gernikako Estatutu erreformatzeko proposamena.
Zalantza zegoen erabakitzeko eskubidea sartuko zuten ala ez, eta azkenean xedapen gehigarri batean sartu dute, baina bi planteamendurekin: Mikel Legarda EAJkoak erabakitzeko eskubidea argi aipatzen du; Arantza Elizondo Elkarrekin Podemosekoak, modu ilunagoan; eta Alberto Lopez Basaguren PSE-EEkoak bi planteamenduen aurkako zuzenketa sartuko du.
Datorren astelehenean, Eusko Legebiltzarrean, adituek azken batzarra egingo dute urtebeteko lanaren emaitza entregatu aurretik.
EH Bilduk, berriz, bere testu propioa aurkeztuko du, uste baitu EAJk ez duela estatus berrirako oinarrien akordioa errespetatu. PPk, azkenik, egungo Gernikako Estatutua babestuko du, gainerako adituek planteatzen dutena inkonstituzionala dela iritzita.
Gaur bertan, Eusko Legebiltzarrak erabakitzeko eskubidearen aldeko zuzenketa bat onartu du EAJren eta EH Bilduren botoekin. PSE-EE eta PP kontra agertu dira; eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, Pili Zabala izan ezik, alde bozkatu baitu.