Estatutuaren erreforma
Urkulluk 'errealismoa' eskatu du estatutu berria adostasun handiagoz onartzeko
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakariak Alfonso Alonsori gogorarazi dionez, Gernikako Estatutua berritzeko prozesua ez da aditu taldearen txostenarekin "hasiko edo amaituko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak "sentimenduak modulatzea, errealismoa eta erantzukizuna" eskatu ditu estatutu berria adostasun handiagoz onartu ahal izateko. "Gure erronka, guztiona, autogobernu gehiago eta hobea lortzea da. Lantaldearen lanari esker, oinarri juridiko sendoa edukiko dugu horretarako. Ez dezagun alferrik galdu aukera hau; azken finean, autogobernua zuzenki lotua dago gizartearen ongizatearekin", nabarmendu du.
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak Legebiltzarreko kontrolerako saioan egindako galdera bati erantzunez mintzatu da horrela Urkullu. Alderdi Popularreko buruzagiak salatu duenez, adituen taldeak astelehenean aurkeztuko duen testu artikulatua "'Ibarretxe Plana' da, oso antzekoa atera zaizue", eta iragarri du bere esku dagoen guztia egingo duela testu horren kontra egiteko.
"Ahate baten moduan ibiltzen bada, ahate baten moduan hegan eta igeri egiten badu, eta gainera, 'piru-piru' egiten badu..... aterako dena (adituen taldetik) "Ibarretxe Plana' da, berdin-berdina", leporatu dio Alonsok lehendakariari.
Alderdi Popularraren ustez, testuak "kale itsu batera eramango gaitu, 'Ibarretxe Plana'k bezala, eta Kataluniako gizarte zatiketa berdina eragin dezake. Urkullu jauna, kezkatuta nago zure jarrerarekin. Ibarretxe jauna faltan botatzen hasiko gara, behintzat hark ez zuen engainatzen".
Talde parlamentarioek izendatutako adituek astelehenean aurkeztu behar dute azken hilabeteotan landu duten proposamena. Eusko Irratiak atzo jakitera eman zuenez, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk aukeratutako adituak akordio batera iritsi dira EAEko Estatutu berri baterako testu artikulatuan erabakitzeko eskubidea xedapen gehigarri batean sartzeko.
Alabaina, lehendakariak Alonsori gogorarazi dioenez, Estatutua erreformatzeko prozesua ez da adituen taldearen txostenarekin "hasiko edo amaituko". Azaldu du testu hori Legebiltzarreko Lantaldeak aztertu behar duela.
Dena dela, Urkulluk aitortu du zaila dela "akordioak jostea", baina "lortutako adostasunei eusteko eta desadostasunak gainditzeko" beharra aldarrikatu du.