Itxi

Kontrol saioa

Urkullu: 'Euskadik Eurokoparen aukera aprobetxatuko ez balu, gaizki egingo luke'

Agentzia | Erredakzioa

Futbol norgehiagoka soil bat ez dela azpimarratu du Jasone Agirrek (EH Bildu), horrela izango balitz Euskadik selekzio propioa izateko arazorik ez luke izango, baina "Espainiak ez du nahi".

San Mames. Artxiboko argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Bilbo 2020ko Eurokoparen egoitzetako bat izanda, Euskadik "aukera" ez aprobetxatzearekin "gaizki" egingo luke, etekin ekonomikoa eta nazioartean ikusgarritasuna emango duelako.

Jasone Agirreri (EH Bildu) erantzun dio Urkulluk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Agirreren ahotan, Espainiako selekzioak San Mamesen jokatzean eta Urkullu palkoan ikustean, Espainiako ereserkia entzuten den bitartean, "oilo-ipurdia" batzuei eta beste batzuei "barruak buelta emango" die, nahiz eta "errespetagarria" izan.

Era berena, txistuak izateko aukeraren inguruan mintzatu da. Aprobetxatu beharreko unea eta munduari herri bat, Euskal Herria, dagoela esateko abagunea izango dela iragarri du Agirrek.

Futbol norgehiagoka soil bat ez dela azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, horrela izango balitz Euskadik selekzio propioa izateko arazorik ez luke izan behar, baina "Espainiak ez du nahi" eta Legebiltzarrean lantzen ari diren Estatutuan ere ez dago jasota.

"Selekzio propio bat izateko eskubiderik ez baldin badugu, ez dugu erabakitzeko eskubiderik izango", nabarmendu du koalizioko ordezkariak.

EH Bildu: "Selekzio propio bat izateko eskubiderik ez baldin badugu, ez dugu erabakitzeko eskubiderik izango"

Zentzu horretan, aurrerapauso bat emateko eta "herri honen gehiengoaren" ondoan ala "Manoloren atzean" palkoan eserita egotea erabakitzeko eskatu dio Urkulluri.

Euskadirentzat "aukera" bat dela esan du Urkulluk, ekitaldi mota horiek nazioartean ikusgarritasuna ematen dutelako. Gasteizko Final Four edo Errugbi Txapelketaren eragin "positiboa" gogorarazi du agintariak.

Euskadi bisitatu behar duten "milaka" pertsonatan jarri du arreta; izan ere, Euskadi munduan kokatuko dute, eta kultura ezagutu.

Eusko Jaurlaritzak "errespetua", "askatasuna", "elkarbizitza" eta "jendearen sentimendu adierazpenak" bultzatuko dituela azpimarratu du lehendakariak.

Bestalde, kirol federazioekin elkarlanean jarraituko dutela agindu du Urkulluk, euskal selekzioen aitortza lortzeko, futbolean zein beste kiroletan.

Aldarrikapenak beharrezkoak direla argi utzi du buruzagiak, baina euskal gizarteak egunero lan egitea eskatzen du, eta bere Exekutiboa horretan ari da.

Albisteak (1)