Itxi

EAE-KO ESTATUTU BERRIA

Adituek Estatutu berriari buruzko hiru testu utzi dituzte Legebiltzarraren esku

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EAJ, EP eta PSEren adituek testu bakarra aurkeztu dute, baina ez datoz bat erabakitzeko eskubidearen harira. EH Bilduren ordezkariak bere proposamena egin du; eta PPkoa denen kontra agertu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiek proposatutako legelariek (Mikel Legarda, Arantxa Elizondo eta Alberto Lopez Basaguren, hurrenez hurren) Estatutu berriaren gainean adostutako hiru idatziak gaur, astelehena, aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean, nahiz eta desadostasunak izan, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen inguruan.

Bestetik, EH Bilduko adituaren testu artikulatua (subiranistagoa) erregistratuko dute, eta baita Juan Ignacio del Burgo PPko legelariaren dokumentua ere, osoko zuzenketa bat bezala.

Autogobernu lantaldeak bilera egingo du abenduaren 11n, Legebiltzarreko talde politikoek izendatu zituzten bost adituek egindako hiru dokumentuak aztertzeko, Estatutua erreformatzeko prozesuaren iturriek jakitera eman dutenez.

Adituen adierazpenak

Eusko Legebiltzarrean, azken hilabeteotan landutako testuak abokatu nagusiari emateko bildu direla, bost adituek (arestian esandakoez gain, Jaime Ignacio del Burgo dago, PPren aldetik, eta Iñigo Urrutia, EH Bilduk proposatuta) egoera aztertu dute, kazetarien aurrean. EAJk proposatutako aditu Mikel Legardaren iritziz, "egiaztatutako desadostasunez gain", aurrerapena izan da "autogobernuaren itun berri baten berriztapenari dagokionez", eta, talde teknikoa izan den aldetik, lantaldearengan jarrita zeuden itxaropenak, "bete egin dira".

"Lan zintzoa" egin dutela nabarmenduta, zehaztu du astelehen honetan izango direla ikusgai "proiektu tekniko guztien emaitzak". Azpimarratu duenez, "zailtasunak dituzten gainerako proiektu guztiek bezala", honek ere "ahalegina eta denbora" behar ditu; baina berretsi du egindako lana "aurrerapena" izan dela.

Jaime Ignacio del Burgok, alegia, PPk proposatutako adituak, gogora ekarri du "lau bertsio desberdin" aurkeztu dituztela Ganberan; hori, haren iritziz, "porrot handia da", adituen lantaldearentzat: "Ez da porrota taldeko kideen gaitasunik ezagatik, baizik eta ezina zelako".

Azaldu duenez, EH Bilduren partez izandako adituaren proposamena dago EAJrekin adostutako oinarrien garapenetik gertuen; izan ere, oinarri horien xedea litzateke "Euskadik estatus berria izatea, Estatuarekin aldebiko harremana izan dezan". "Euskal-espainiar konfederazioa egoteko aukera dagoela pentsatzea ez dakit ideia oso bikaina den. Nire ustez, porrot egingo du", adierazi du.

Ildo horretan, esan du EH Bildu eta EAJ ere ez direla ados jarri euren oinarrietan: "EAJren proposamena PSEren eta Elkarrekin Podemosen ordezkariek izenpetuta dago, baina PSEk 29 boto partikular eman ditu; horrek esan nahi du ez dela testu bakarra, eta funtsezko gaietan desadostasun larriak daudela. Nik zer babestu dudan kontuan izanik, kointzidentzia gehiago daude PSEren ordezkariarekin, EAJk babesten duenarekin baino".

Nolanahi ere, uste du aukera dagoela EAJ eta EH Bildu ados jartzeko, eta Batzordean artikulatutako testua bien artean egiteko, "euren botoekin onartu eta Madrilen negoziatzen saiatzeko"; "agian orain, Gobernuko presidenteak inbestidurarako babes jakin batzuk behar dituela, Ibarretxe planak baino aukera gehiago izan litzake", adierazi du.

EH Bilduk proposatutako kide Iñigo Urrutiaren iritziz, lantaldearen lana "pixka bat etsigarria" izan da, kontuan izanik EAJk eta EH Bilduk estatus berriari dagokionez hitzartutako oinarrietatik urrundu egin dela. Urrutiak azaldu du zergatik aurkeztu duen "akordio politikoa zintzotasunez islatzen duen" testu propio bat: "Egin dut ezin izan delako garatu EH Bilduk eta EAJk hitzartutako oinarrien ituna".

Nabarmendu du 14 hilabeteko lana "gogorra" izan dela, eta eztabaida "interesgarriak" izan dituztela lantaldean; teknikoki, uste du heldu dietela heldu beharreko kontu guztiei. Urrutiaren iritziz, ez zitzaien eskatzen Legebiltzarren ordez jardutea; ikuspegi hori abiapuntu, egin duen lana izan da EAJren eta EH Bilduren arteko oinarrien akordioa hartzea, eta artikulatutako testu batera eramatea.

Azaldu duenez, adituen lantaldeak aurrera egin ahala, hauteman zuen kontu batzuk "argitu" behar zirela: "Estatuarekin aldebiko harremana izateak, hau da, konfederazio-harremana izateak, parametro jakin batzuk eskatzen zituen, eta duela hilabete batzuk hasi ziren aldentzen parametro horiek".

Urrutiak gogora ekarri du hitzartuko oinarriak "oso zehatzak" zirela, eta uste du ez dela ezina testu artikulatu batean erredaktatzea. 

Arantxa Elizondo Elkarrekin Podemosek proposatutako adituak, bere aldetik, gogorarazi du talde politikoek hartu behar dutela euren gain, orain, Autogobernuaren Batzordean, Estatutua erreformatzeko proposamen bat erredaktatzeko ardura; hala ere, esan du espero duela adituek emandako materiala "erabilgarritasun handikoa izatea" Legebiltzarrean.

Nabarmendu duenez, azken hilabeteotan egindako lana "erraldoia, luzea eta neketsua" izan da; esan ere esan du "ohorea eta plazera" izan dela izan dituen lankideekin lan hori egitea.

Erabakitzeko eskubideak sortu ditu gorabehera gehien

EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren dokumentuan, erabakitzeko eskubideak sortu ditu gorabehera gehien. Azkenean, bigarren xedapen gehigarrian jasoko dute, bi modutara: batetik, jeltzaleena, Estatuarekin adostutako erabakitzeko eskubideaz hitz egiten duena; bestetik, koalizio morearena, "herritarrek libre eta demokratikoki euren borondatea erabakitzeko eskubidea, Estatuarekin adostutako legezko ariketa batean" defendatzen duena. Sozialistek boto partikularra eman dute, bi formulek Konstituzioan lekurik ez dutela adierazteko.

Hiru alderdi horiek proposatutako dokumentuak boto partikular ugari ditu beste gai batzuetan ere, baina eskubide sozialak, Europarekiko harremanak edo kanpo ekintza, besteak beste, eguneratzeko moduaren inguruan adostasun zabala lortu du.

Bestalde, EH Bilduk testu artikulatu propioa aurkeztuko du, EAJrekin adostutako edukietan oinarritutakoa, koalizioaren arabera. "Herritarren erabakitzeko eskubidea babesteko eta gauzatzeko, euskal erakundeek herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko boterea izango dute", jasoko du.

Gainera, Juan Ignacio del Burgo PPk izendatutako adituak boto partikular orokor bat aurkeztuko du, osoko zuzenketa bat ekarriko lukeena, eta testu artikulatu baten eranskin bezala planteatuko du. Ez da Alderdi Popularraren proposamena izango eztabaida politikoan, PPk ez baitu dokumenturik aurkezteko asmorik.

Adituen lana astelehen honetan bukatuko da, testuak aurkeztuta. Orduan lan politikoa hasiko da berriro, eta alderdiek ez dituzte legelariek ezarritako ildoak bete beharko, hau da, ez daude horretara beharturik.

Astelehen honetan dokumentuak Ganberako legelari nagusiari eman ondoren, idatziak Legebiltzarraren Mahaitik pasatuko dira. Asteartean aztertuko ditu Mahaiak. Aurretik, astelehenean bertan, Legardak, Elizondok eta Lopez Basagurenek azken bilera egingo dute hiruko testua amaitzeko.

Ondoren, autogobernuaren lantaldeari bidaliko diote, eta abenduaren 11n bilduko da testua aztertzeko. Orain arte egindako lana EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriekin bat ote datorren aztertu behar dute, lantaldeak aurrera jarraitu ahal izateko.

Oinarrien itunean adostutakoa ez errespetatzea eta funtsezko puntuak desitxuratzea egotzi dio EH Bilduk EAJri behin baino gehiagotan.

Albisteak (5)

Bideoak (1)