Inbestidura
PSOEk eta ERCk pausoak eman dituzte Kataluniako gatazkari irtenbide politikoa emateko
Agentziak | Erredakzioa
Elkarrizketak hasi zituztenetik lehenengo aldiz, PSOEk eta ERCk agiri bateratua kaleratu dute, eta Kataluniakoa "gatazka politikoa" dela berretsi dute bertan.
Bigarren bilera egin dute PSOEko eta ERCko negoziazio taldeek Pedro Sanchez buruzagi sozialistaren inbestidura desblokeatzeko, eta Kataluniako "gatazka politikoa" konpontzeko "bide politikoa martxan jartzeko" aurrerapausoak eman dituztela aitortu dute bi alderdiek.
Elkarrizketak hasi zituztenetik lehenengo aldiz, PSOEk eta ERCk agiri bateratua kaleratu dute, eta Kataluniakoa "gatazka politikoa" dela berretsi dute bertan, eta, horregatik, "politikoki" egin behar zaiola aurre.
"Aurrerapausoak eman ditugu bide politikoa martxan jartzeko beharrezko tresnen bilaketan", adierazi dute sozialistek eta independentistek.
"Bide politikoa" bultzatzearen aldeko apustua egiteaz gainera, Pedro Sanchez eta Oriol Junqueras buru dituzten alderdiek "bestelako gai zehatz batzuetan" ere egin dituzte urratsak, bi alderdiek "sentsibilitate soziala" dutelako eta "eskubide zibil, sozial eta laboralak berreskuratzearen alde" daudelako.
Asteazken honetan PSOE eta JxCat Kongresuan bilduko dira, baina bilera horren emaitzen zain izan gabe, PSOEko eta ERCko ordezkariek hitzordua jarri dute datorren asterako; abenduaren 10erako, hain zuzen ere.