Eskumenen sinadura
'Transferentziak bi gobernuen arteko negoziazioaren fruitu dira'
Erredakzioa
Hala adierazi du Patxi Lopezek 11 eskumenen esku aldatzearen sinadura ekitaldiaren ostean. "Autogobernua indartu eta Gernikako Estatutuaren garapena bermatzen" dutela azpimarratu du lehendakariak.
EAEk beste 11 eskuduntza jaso izana Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioaren fruitu dela adierazi du Patxi Lopez lehendakariak sinadura ekitaldiaren ostean.
Halaber, EAJk alor horretan izan duen "inplikazioa" azpimarratu du eta jeltzaleek Estatutuaren "balioa" defendatzen dutela erakusten duela esan du.
Transferentzien Batzorde Mistoak 11 eskuduntzen esku aldeari oniritzia eman ondoren egin du agerraldia Patxi Lopezek, Manuel Chaves Espainiako hirugarren presidenteordearekin batera.
Lehendakariaren esanetan, konpetentzia berri horiek Euskadiren "autogobernua indartu eta Gernikako Estatutuaren garapena bermatzen" dute.
Gaurko transferentziak Espainiako Gobernuak eta EAJk adostu zituzten, alderdi jeltzaleak aurtengo Aurrekontuak babestearen truke.
Uztailearen batean sartuko dira indarrean
Transferitu gabe dauden konpetentziei dagokienez, Chavesek esan du Zapateroren Exekutiboa EAJren talde parlamentarioaren proposamenaren zain dagoela.
Bi gobernuen arteko harreman "eraginkorra" azpimarratu du Chavesek eta esan du konpetentziak uztailaren 1ean sartuko direla indarrean, Lan Ikuskaritzarena izan ezik, azken hau 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan jaso behar baita.
11 konpetentzien artean, besteak beste, Lan Ikuskaritza eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako irakasleak eta osasun langileak transferitu dituzte.
Transferentziak 35 milioi eurokoak dira eta 366 langileri eragiten diete.
EAEko espetxeetako irakaslegoa bederatzi pertsonak osatzen dute, eta osasun langileak 40 dira. Bestalde, erlijio irakasleak 205 dira.