Giza Eskubideak
Mayor Zaragoza: 'Konfrontazioaren kulturatik bakearen kulturara igaro behar dugu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unescoko zuzendari nagusi izandakoak Eusko Jaurlaritzaren Rene Cassin saria jaso du astearte honetan Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusi ohiari (1987-1999) eman diote aurten Eusko Jaurlaritzaren Rene Cassin saria, Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusia.
"Sari honek indarra ematen dit pertsona guztien duintasunaren alde atsedenik hartu gabe lanean jarraitzeko. Horixe da giza eskubide guztien printzipioa. Denok berdinak garela aldarrikatu behar dugu, generoa, sentsibilitate sexuala, ideologia, etnia edo azalaren kolorea edozein delarik ere", azpimarratu du.
Oinarri horretatik abiatuta, "konfrontazioaren kulturatik bakearen eta indarkeria ezaren kulturara igarotzeko" deia egin du. "Orain arte mundua beti egon da gizonen botere absolutuaren menpe, inposizioaren bidez eta 'bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako' leloa ezarrita”.
Alabaina, "trantsizio historikorako unea iritsi da, indarraren arrazoitik arrazoiaren indarrera pasatu eta ondoko esateko: prestatu dezagun hitza eta ez indarra", erantsi du Mayor Zaragozak.
Horrez gain, bizitza ereduak eta segurtasunaren kontzeptua errotik aldatzeko beharra nabarmendu du; izan ere, "egunero milaka pertsona gosez hiltzen dira munduan, eta egunero 4.000 milioi dolar baino gehiago erabiltzen dira gastu militarretarako", ohartarazi du.
Feminismoa, klima-aldaketaren aurkako borroka, migrazioa eta errefuxiatuak ere izan ditu hizpide bere hitzartzean.
Federico Mayor Zaragozak Unesco, Zibilizazioen Aliantza eta Heriotza-zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea zuzendu ditu. Halaber, Bakearen Kultura Fundazioa eta Giza Eskubideak, Demokrazia, Bakearen eta Indarkeriarik gabeko Kulturaren Institutua sortu eta gidatu ditu.