Katalunia
Junquerasen immunitate parlamentarioa bermatu du EBko Justizia Auzitegiak
Agentziak | erredakzioa
Oriol Junqueras eurodiputatu izendatu behar izan zuten hauteskundeen emaitzak ofizialki aldarrikatu zirenetik, eta une horretatik aurrera immunitatea izan, EBko Justizia Auzitegiaren arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ostegun honetan jakitera eman duenez, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohi eta ERCko buruzagia eurodiputatu izendatu behar izan zuten joan den maiatzean Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak ofizialki aldarrikatu zirenetik, eta "une horretatik bertatik" immunitatea izan behar zuen.
Bere epaian, Europako Justiziak dio Europako Parlamentuak ofizialki hautetsi izendatu duen pertsona bat, delitu larriengatik behin-behineko espetxealdian zegoenean, eurodiputatu gisa aitortu behar dela, nahiz eta barne zuzenbideak aurreikusitako baldintzak betetzeko baimenik ez izan, ezta Europarlamentura joateko ere, bere lehen saioan parte hartzeko.
Eurodiputatu izateak, epaiaren arabera, une horretatik bertatik esan nahi du ezarritako behin-behineko espetxealdiaren neurria kentzea dakarren immunitatea duela, "eurodiputatuari Europako Parlamentura joateko aukera eman eta eskatutako formalitateak bete ditzan".
La justícia ha arribat des d'Europa. S’han vulnerat els nostres drets i els de 2.000.000 de ciutadans que ens van votar. Nul·litat de la sentència i llibertat per tothom! Persistiu com ho hem fet nosaltres! #JunquerasImmunity
— Oriol Junqueras ¿¿ (@junqueras) December 19, 2019
Auzitegi nazional eskudunak, hala ere, behin-behineko espetxealdiaren neurria mantendu behar dela uste badu, interesdunak Europako Parlamentuko kide izaera eskuratu ondoren, "ahalik eta lasterren" immunitate hori eteteko eskatu behar dio Euroganberari.
Auzitegi Gorenaren esku
Luxenburgoko Sala Nagusiak Espainiako Auzitegi Gorenaren esku utzi du "Junquerasek dituen immunitateen ondorioak antzematea".
Junquerasen abokatuek eskatuta Auzitegi Gorenak aurkeztutako epaiketa aurreko auziei erantzuten die epaiak. Izan ere, Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean Konstituzioari men egiteko baimenik ez emateko eta eurodiputatu izateko aukera ez emateko Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurkako erregu helegite batean eskatu zuten kontsulta hori.
Koen Lenaerts Europako Gorteko presidenteak irakurri du Auzitegiko Sala Handiak emandako epaia, boto partikularrik ematen ez duten hamabost epailek osatutakoa, tartean Rosario Silva de Lapuerta espainiarra.