Katalunia
Immunitateak Junquerasen askatasuna ekarri beharko luke, abokatuaren arabera
agentziak | erredakzioa
Andreu van den Eyndek uste du Luxenburgoko Auzitegiaren erabakiak bertan behera uzten duela Auzitegi Gorenak politikari kataluniarrari jarri zion zigorra.
Andreu van den Eynde abokatuak, Oriol Junquerasen defentsa daramanak, esan du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eurodiputatu immunitatea aitortu izanak 'de facto' uzten duela bertan behera Auzitegi Gorenaren zigorra eta Generalitateko presidenteorde ohia kartzelatik atera beharko luketela.
Abokatuak azpimarratu du ebazpena "oso argia" dela eta ez dagoela zalantzarik, testua irakurrita, "Oriol Junquerasek libre behar duela". Abokatuak Sant Joan de Vilatorradan (Bartzelona) egin ditu adierazpenok, Junqueras 13 urteko espetxe-zigorra betetzen ari den espetxetik atera denean.
Van den Eyndek berretsi du Junquerasen immunitateak Auzitegi Gorenaren ebazpena bertan behera geratzea ekarri beharko lukeela 'de facto', eta gogor salatu du "Europako Parlamentuaren baimenik gabe" politikari kataluniarra behin behineko espetxealdian sartu izana.
Defentsa abokatuak zehaztu du orain gertakari bat irekiko duela Auzitegi Gorenean, eta bertan bere argudioak azalduko dituela Junquerasen askatasuna eskatzeko. Dena den, dagoeneko aurkeztu du idatzi bat ebazpena kontuan har dezaten, aste honetan bertan ebazpena bertan behera uzteko sartu zuen gertakariaren harira.
Van den Eyndek azaldu duenez, "atzera egin ezin den" puntu batean daude orain, eta aurrerantzean ezin dira eskubideak gehiago urratu. Horregatik, espero du Gorenak EBko Justizia Auzitegiaren ebazpena aplikatuko duela eta gainerako alde guztiek babestuko dutela.
Fiskaltzak agertu duen iritzia dela eta, abokatuak uste du Estatuaren Abokatuak ez duela "Luxenburgoko ebazpena aztertu", ez diolako erreferentziarik egiten.
"Ez dut imajinatzen Espainiako Estatua etengabe giza eskubideak urratzen", adierazi du, Junquerasi buruzko erabakiak zigortutako gainerako buruzagi independentistengan ere eragina izan dezakeela azaldu aurretik.