Itxi

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Dokumentazioa: 'Bateragune' auzia

Erredakzioa

Zortzi auzipetuak LABen Donostiako egoitzan atxilotu zituzten, 2009ko urrian, Batasuna berriz osatzen saiatzea egotzita.

Ezker abertzaleko zortzi buruzagi, tartean Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, epaituko dituzte Bateragune izeneko auziaren baitan, ETAk aginduta Batasuna berreraikitzen eta "aliantza independentista" bat osatzen saiatzea egotzita.

Hain zuzen ere, zortzi auzipetuak honakoak dira: Arnaldo Otegi Batasuneko bozermaile ohia; Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia; Sonia Jacinto EHAK-ko diruzain ohia; Miren Zabaleta, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen alaba; Arkaitz Rodriguez (2006an ETAko informazio taldeko kide izatea egotzita epaitu zuten, baina absolbitu egin zuten); Txelui Moreno, ezker abertzalearen azken hilabeteetako bozeramaile nagusia; Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal.

Gaur egun, Otegi, Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto baino ez zeuden behin-behineko espetxealdian. Diez Usabiaga ama zaintzeko askatu zuten; eta Moreno, Serra eta Esnal 10.000 euroko bermea ordaindu eta gero geratu ziren aske.

Auzia Baltasar Garzon epaileak ireki zuen.

Zortzi auzipetuak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, LAB sindikatuaren Donostiako egoitzan.

Operazio horretan Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagi historikoa eta Ainara Oiz ere atzeman zituzten. Biek lekuko gisa deklaratuko dute.


Fiskaltzaren idatzia

Vicente Gonzalez Mota fiskalaren arabera, "ETAren helburuen menpeko polo soberanista baten bidez eraikuntza nazionalarako indarren batuketa" egitea zen Bateraguneren egitekoa.

Fiskalaren arabera, gutxienez hamar aldiz bildu ziren Bateraguneko kideak. Lehenengo bilera 2009ko apirilaren 17an izan zen, Donostiako LAB sindikatuaren egoitzan. Hain zuzen, urte horretako urriaren 13an bertan atxilotu zituzten Otegi, Diez Usabiaga, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez.

"Lan eredu" gisa, erakunde terroristak "borroka armatuaren etenaldiak eta atentatuak" txandakatzea erabaki zuen, betiere Ministerio Publikoaren esanetan.

Bideoak (1)