Europako ebazpenaren ostean
Ganberara sartzeko behin-behineko akreditazioa jaso dute Puigdemontek eta Cominek
Agentziak | Erredakzioa
Urtarrilean emango diete behin betikoa. "Gu hemen egotea batzuentzat porrota izango da, baina garaipen handia da Europarentzat", nabarmendu du presidente ohiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak eta Toni Comin kontseilari izandakoak goizean jaso dituzte Europako ganberan sartzeko behin-behineko akreditazioak, Europako ganberak bertan sartzeko ezarritako debekua kendu eta gero —EBko Auzitegiak Junquerasi immunitatea aitortu ondoren hartu zuen erabakia, atzo—.
Txartela jasota, Europako Parlamentura sartu dira biak izapideak egiteko. Izan ere, gaur jasotakoak behin-behineko akreditazioak dira, urtarrilean emango dizkiete behin betikoak.
Puigdemontek gogor kritikatu du Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidente ohiak betoa ezarri zielako. "Erabaki arbitrario, legez kanpoko eta abusuzkoa izan zen", salatu du.
"Sei hilabete behar izan dituzte, baina hemen gaude azkenean. Gu hemen egotea batzuentzat porrota izango da, baina garaipen handia da Europarentzat", adierazi du Kataluniako presidente ohiak.
Puigdemontek eta Cominek Assita Kanko N-VA alderdi flamenko nazionalista izan dute lagun. Biek azaldu dutenez, "talde horrek hasieratik asko lagundu digu".
Kanko, Puigdemont eta Comin, gaur Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
EBko Auzitegiak baliogabetu egin du Puigdemont eta Comini buruzko epaia
Bestalde, Europar Batasuneko Auzitegiak baliogabetu egin du uztailean Puigdemont eta Comini buruz emandako epaia. Orduko hartan, Luxenburgok baztertu egin zituen biei euren eserlekuak hartu ahal izateko eskatu zituzten kautelazko neurriak.
Hala, Europako Auzitegiak berriro aztertu beharko du auzia.