Larrialdi klimatikoa
Birziklatu ezin diren plastikoen gaineko zerga bat sortzea proposatu du Bruselak
Agentziak | Erredakzioa
‘Les Echos’ egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak karbono dioxidoaren isurien merkatua tasatzearen aldeko apustua egin du.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak EBk baliabide berriak behar dituela adierazi du, eta birziklatu ezin diren plastikoen gaineko zerga sortzea proposatu du.
Frantziako Les Echos egunkari ekonomikoak argitaratutako elkarrizketa batean, karbono dioxidoaren isurien merkatua tasatzearen aldeko apustua ere azaldu du, klimaren berotzea eragiten duen gas nagusia baita.
Zergen diruari dagokionez, zati bat estatu kideetara bideratu beharko litzakeela, eta gainerakoa, Europar Batasunera, "kausa komunean" berriro inbertitzeko, esan du Von der Leyenek.
Era berean, enpresa digitalen gaineko zerga ezartzearen alde agertu da, baina horretarako ezarriko den mekanismoari lehentasuna eman behar zaiola zehaztu du, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea egiten ari den lanaren bidez, dimentsio globalagoa izan dezan.
"Funtzionatzen ez badu, irtenbide europarra planteatu beharko litzateke ", gaineratu du.