Venezuela
Chavez bideo batean agertu da berriro, zurrumurruak ezeztatzeko
Erredakzioa
Irudietan Fidel Castro Kubako agintari ohiarekin batera agertzen da. Azken egunetan, oso larri dagoela esan dute hainbat hedabidetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Venezuelako Gobernuak bideo bat publikatu du Hugo Chavezen osasun egoerari buruzko zurrumurruak ezeztatzeko.
Agintariari ebakuntza egin zioten Habanan (Kuba) hilaren 10ean, eta harrezkero oso larri dagoela esan dute hainbat hedabidetan.
Azken urteetan, Chavez hainbat aldiz agertu da Fidel Castrorekin batera, Kubako presidente ohiaren osasun egoerari buruzko zurrumurruak isilarazteko. Orain, baina, alderantziz izan da.
Irudietan, bi agintariak agertzen dira, kirol jantzian, lorategi batean hitz egiten eta Granma egunkari kubatarraren astearteko alea irakurtzen. Ondoren eserita ikus daitezke, hitz egiten.
Bideoan ez dira entzuten agintarien ahotsak, Venezuelako abesti bat da soinu bakarra. 2011ko ekainaren 28an grabatuta dagoela jartzen du irudietan.
Asteburuan, Chavez larri dagoela publikatu zuen Miamiko El Nuevo Herald egunkariak, AEBetako inteligentzia zerbitzuen iturriak aipatuta.
Duela egun batzuk, gainera, Nicolas Maduro Venezuelako Atzerri ministroak esan zuen presidentea "borroka" egiten ari zela osasun egoera hobetzeko.
Ostiralean eta igandean, Chavezek mezu batzuk idatzi zituen Twitter sare sozialean, zurrumurruak ezeztatzeko.
Gobernuak ez du informaziorik eman Habanan egindako ebakuntzaren inguruan, eta horrek ez du lagundu zurrumurruak baretzeko.