Itxi

Ituna

EAJk eta PSOEk Jaurlaritzaren eta espainiar Gobernuaren arteko harremana sendotu dute

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Jeltzaleek onartu dutenez, Kongresuan dituzten sei diputatuek Pedro Sanchezen alde bozkatuko dute inbestidura-saioan; PSOEk, aldiz, hamabi puntuko testua betetzeko konpromisoa hartu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Astelehen honetan, hilaren 30ean, EAJk eta PSOEk akordio bat sinatu dute, eta, horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana sendotu dute. Hitzarmena izenpetuz, jeltzaleek onartu dute Kongresuan dituzten sei diputatuek Pedro Sanchezen alde bozkatuko dutela inbestidura-saioan; PSOEk eta osatzear dagoen Espainiako Gobernuak aldiz, hamabi puntuko testua betetzeko konpromisoa hartu dute. Hauek dira puntu horiek:

1. EAJrekin komunikazio arina eta etengabea izatea, Espainiako Gobernuak sustatu nahi dituen proiektuak eta ekimenak behar besteko aurrerapenez ezagutaraztea, eta, gainera, desadostasunik egonez gero, akordio egoki batera iristeko konpromisoa hartzea.

2. Eusko Jaurlaritzarekin komunikazio arina izatea, desadostasunak judizializatzea saihesteko. Judizializazioaren ordez, akordio politikoa bideratu beharko da.

3. 2020an negoziatzea eta EAEri transferitzea egiteke geratzen diren Estatutu eskumenak. Halaber, sei hilabeteko epean, trafikoko eskumenak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatuko zaizkio, bere garaian EAEri egindakoen eduki eta hedadura berarekin.

4. Alderdien eta erakundeen arteko elkarrizketaren bidez, Estatuaren egituran tokian tokiko identitateak aitortzeko beharko diren erreformak bultzatzea, eta, hala badagokio, beharrezko lege-aldaketak adostea, Kataluniako auziari zein EAEko Estatutu berriaren negoziazioari eta akordioari irtenbide egokia aurkitzea xede, bien sentimendu nazionalak kontuan hartuta.

5. EAEn Estatuari dagozkion azpiegiturei presaz, irmoki eta erabakitasunez heltzea eta, bereziki, AHTari dagokionez, lanen kronograma eta Estatuko Gobernuarekin jada itxita dauden konpromiso osagarriak barne.

6. EAJk PPko Gobernuarekin hainbat arlotan sinatu zituen akordioetan oraindik bete gabe dauden gaiak betetzea. Konpromiso hau hautagaiak berak hitzeman zuen 2018ko zentsura-mozioaren izapidean.

7. Europaren eraikuntza eta euskal erakundeek Europako Batasunaren erakundeetan duten presentzia eta parte-hartzea bultzatzea.

8. Industria irmoki bultzatzea eta energia-eraldaketara egokitzeko egin beharko den ahalegina konpentsatzea jarduera ekonomikoari eta enpleguari eutsita, trantsizio errealista ahalbidetuta eta aldaketa horiek eragindako sektoreetako lanpostuak babestuta.

9. Espainiako Gobernuak Gorte Nagusiei proposatu nahi dizkien zerga-neurriak aldez aurretik EAJrekin adostea, eta Ekonomia Itunak ezarritako zerga-arloko edo finantza-arloko harremanetan sor daitezkeen desadostasunak bideratzea.

10. EAEri eta Nafarroari dagozkien defizit-helburuak zehazteko prozesua, bai eta toki-erakundeen, Foru Aldundien eta Gobernuek euren lurraldeetako superabita berrinbertitzeko irizpideak zehazteko egingo den prozesua ere, Ekonomia Itunaren eta Ekonomia Hitzarmenaren Batzorde Mistoen parte-hartzearekin eta bien esparru barruan egingo da.

11. Kirolaren eta kulturaren esparruan, behar besteko bideak irekiko dira Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzeko.

12. EAJrekin adostuta, dekretu digitalen edukia aldatzea, Parlamentuan horiei buruz agertu diren desadostasunak ebazteko (14/2019 Errege Lege Dekretua, urriaren 31koa, eta 12/2018 Errege Lege Dekretua, irailaren 7koa).

Albisteak (1)

Bideoak (2)