Itxi

Gobernu programa

Lan-erreforma eta 'Mozal legea' indargabetuko ditu PSOEren eta Podemosen Gobernuak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gainera, Espainiako Gobernurako hitzartu duten programan, bi alderdiek adostu dute zergak igoko dizkietela errenta altuenei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSOEk eta Unidas Podemosek PPren lan erreforma bertan behera uztea eta 2012an PPk "kendutako lan eskubideak" berreskuratzea adostu dute.

Horixe agertzen da Pedro Sanchez PSOEren buruak eta Pablo Iglesias Unidas Podemosekoak gaur arratsaldean sinatu duten koalizio gobernurako akordioan, eta azaroaren 12ko aurreakordiotik harago joan dira zentzu horretan, erreformaren "alderdi mingarrienak" soilik aldatzeko konpromisoa hartu baitzuten orduan.

"Koalizio aurrerakoia. Akordio berria Espainiarentzat" dokumentuan, bi alderdiek gutxieneko soldata Espainiako Estatuko batez besteko soldataren % 60 izatea adostu dute, eta errenta altuenen zergak handitzea.

Fiskalitateari dagokionez, hain zuzen ere, PSOEk eta Unidas Podemosek bi puntu igoko dute 130.000 eurotik gorako errenten PFGZ; eta lau puntu, 300.000 eurotik gorakoen kasuan. Aberastasun handien gaineko zergei dagokienez, gaia aztertzeko konpromisoa hartu dute, sistema "justuagoa eta progreasiboagoa" lortzeko bidean.

Erkidegoen sistemari buruzko atalean, Kataluniako gatazkari bi lerro eskaintzen dizkiote, eta bertan azaltzen dute "bide politikoa" sustatuko dutela, "egungo egoera gainditzea ahalbidetuko duen aldeen arteko negoziazioaren eta akordioaren bidez".

Aurrerago, sinatutako akordioak zehazten du Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak beteko dituztela Kataluniako Generalitateari falta zaizkion eskumenak emateko, unibertsitateko beken, itsas-salbamenduko edo lan-lagediko arloetan, besteak beste.

Federalismoa ez da inon agertzen, eta egungo erkidegoen sistemari eusteko apustua egiten dute. Horretarako, "Espainia indartsu eta kohesionatua" aldarrikatzen dute, "Konstituzioen eta autonomia estatutuetan oinarritua". Izan ere, "batasuna eta aniztasuna bermatzeko sistema onena" dela iritzi diote.

Pentsioez, benetako KPIaren arabera legez eta etengabe gaurkotzeko konpromisoa hartu dute, eta gutxieneko pentsioen erosteko ahalmena handitzea.

Alokairuaren gehiegizko igoerak gelditzearen aldeko apustua egiten du akordioak, eta horren inguruko araudia ezartzeko eskumena aitortzen die udalei eta erkidegoei.

Agenda sozialean, PSOEk eta Unidas Podemosek pobrezia energetikoan dauden familia ahulenak % 100ean babestuko omen dituzte, eta 2012an sartutako osasun koordainketak ezabatuko dituzte.

Akordioari esker, handitu egingo dituzte hezkuntzara eta beketara bideratutako baliabide publikoak; derrigorrezko hezkuntzaren doakotasun erreala bermatuko dute; erlijio ikasgaia hautazkoa izango da, ez du ikasgai alternatiborik izango eta notak ez du eragin akademikorik izango; eta jokoa arautuko dute ludopati galarazteko.

PSOEk eta Unidas Podemosek Herritarren Segurtasun Legea, 'mozal legea' deitzen zaiona, bertan behera uztea eta "adierazpen askatasuna eta bilkura baketsuak egiteko eskubidea bermatzen duen" lege batekin ordezkatzea adostu dute; eta Frankismoan lapurtutako ondarea jabeei itzultzea, tartean Meiras jauretxea.

Justizia alorrean, justizia unibertsala berreskuratzea aurreikusi dute, Mariano Rajoyren Gobernuak 2014an mugatu ostean.

Azkenik, dokumentuak "gorroto diskurtsoa eta delitua" deuseztatzeko marko politiko eta legegilea ezartzearen alde egiten du, pertsona guztien eskubide eta askatasunak bermatze aldera, babes berezia behar duten taldeetan arreta berezia jarrita.

"Politika baliagarria"

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak "inor atzean utzi gabe aurrera egiteko" borondatearen baitan kokatu du akordioa, "politika baliagarri" gisa.

Akordioaren sinadura ekitaldian, gainerako alderdiei eskatu die desblokeoarekin eta "normaltasun instituzionalarekin" bat egin dezatela.

PSOEren buruak aitortu du ez dutela oraingoz gehiengorik, baina bai "egunero, legez lege" bilatzeko asmoa.

"Bai, ahal da"

Bestalde, Pablo Iglesias Unidas Podemosen buruzagiak esan du koalizio gobernu historikoa "bai, ahal da" leloarena izango dela gizarte, ingurugiro eta feminismo politikei dagokienez, eta Europa osoko "eskuin muturraren aurkako txerto onena" izango dela.

"Modernitatean erreferente delako hitz egin behar dute Espainiaz munduan", adierazi du Iglesiasek.

Albisteak (6)

Bideoak (1)