Inbestidura
ERCren zuzendaritzak abstentzioa proposatu, eta kontseilu nazionalak erabakiko du
agentziak | erredakzioa
Kontseilu nazionalak du azken hitza, eta urtarrilaren 2an elkartuko da, PSOEren buruzagiaren inbestidura errazteko abstentzioa emango duen ala ez erabakitzeko.
ERCren zuzendaritzak Pedro Sanchez PSOEren buruaren inbestiduran abstentzioa ematea proposatu dio alderdiaren kontseilu nazionalari, Sanchezen presidente izendapena errazte aldera. Azken hitza, hala ere, kontseilu nazionalarena izango da, eta urtarrilaren 2an elkartuko da erabakia hartzeko.
Marta Vilalta ERCren bozeramaileak eman du proposamenaren berri gaur arratsaldean, eta bere esanetan, Estatuko Abokatutzak Oriol Junquerasen inguruan kaleratu duen txostena irakurri, eta PSOEk "gatazka politikoa" dagoela eta "gobernuen arteko negoziazio mahaia" osatzea onartu eta gero hartu dute erabakia.
"Eszeptikoak gara eta ez dugu inozoak izan nahi, kosta egiten zaigu PSOEri eta Gobernuari sinestea, baina independentistentzat aukera bat dagoela uste dugu eta aprobetxatu egin nahi dugu, aprobetxatu beharra dugu. Merezi du saiakerak", adierazi du Vilaltak prentsaurrekoan.
Militantziak iritzia eman arte ez du iritzirik eman nahi izan Vilaltak, baina azpimarratu du hiru asteko elkarrizketen ostean, PSOEk onartu egin duela Kataluniako krisia “gatazka politikoa” izan dela eta “irtenbide politiko eta demokratikoak” behar dituztela “gobernu arteko” negoziazio mahaiaren bidez.
“Bide politikoa hastea da kontseilu nazionalera eramango duguna”, azpimarratu du.
ERCren bozeramailearen ustez, bide hori irekitzea positiboa izango da independentismoarentzat, amaiera ona izan edo txarra izan: ongi ateraz gero, Kataluniako gatazka bide “demokratikotik” konpontzeko aukera legoke; eta, gaizki ateraz gero, “desengainu berri bat behin betikoa izango litzateke kataluniarrak independentziaren bidera erakartzeko”.
Vilaltak inbestiduraren inguruko egutegiari buruzko galderak saihestu ditu, ez baitago “ERCren esku”.