inbestidura
EH Bilduren oinarriek Sanchezen inbestiduran abstenitzen ote diren bozkatuko dute
Agentziak | erredakzioa
Gauerditik biharko 12:00ak arte du militantziak bere iritzia emateko. Galdeketaren emaitza loteslea izango da.
EH Bilduko oinarriek gaur eta bihar artean bozkatuko dute Mahai Politikoaren proposamena berresten ote duten, hau da, Sanchezen inbestiduran abstenitzea babesten duten edo ez. Koalizioaren zuzendaritzaren iritziz, "Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua osatzea bideratuz gero, estrukturalak diren egungo arazo larriei konponbidea emateko aukera zabalduko litzateke".
Bide telematikoak baliatuz egingo dute kontsulta, EH Bilduren webgunearen bidez, ostiraleko 12:00ak arte. Galdera hauxe izango da: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin Gobernua eratu dezan?".
Hain justu, abstentzioaren aukera defendatu du gaur Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Nabarmendu duenez, "erantzukizunagatik" hartu du Mahai Politikoak erabakia.
Kontsulta loteslea izango da. EH Bilduren Mahai Politikoaren ustez, "koalizio gobernua ahalbideratuta, hauteskunde kanpainan emandako hitza beteko dugu: alegia, eskuin muturra Espainiako Gobernuan sartzeko aukera eragoztea eta 78ko erregimen monarkikotik datozen arazo estruktural larriak konpontzeko aukera ematea".
"Badakigu zailtasunak egongo direla, baina ikuspuntu errealista batetik, EH Bilduk uste du mota horretako gobernu bat Estatuaren azken aukera dela, adierazpenen bidez baino, ekintzen bidez Estatua benetan demokratizatzeko baldintzak badaudela agerian uzteko", erantsi dute.
EH Bilduren Mahai Politikoak defendatu duenez, "demokratizazio horrek behar ditu agenda ausart bat eta arazo politikoa elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpontzeko borondate argia".
Horren ildotik, azaldu du agenda demokratizatzaile horrek "elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bat" behar duela hauteskunde kanpainan zein PSOErekin hilaren 17an egindako bileran aipatutako gaietan.
¿¿ Sanchezen inbestiduran abstentziora jotzea proposatu du EH Bilduren Mahai Politikoak, arazo politikoak elkarrizketaren bidez konpontzeko aukera leihoa irekitzen dela iritzita.
— EH Bildu (@ehbildu) December 30, 2019
¿ Azken hitza oinarriek izango dute inbestidura baino lehen egingo dugun galdeketa loteslean. pic.twitter.com/3R6bN4I24l
EH Bilduk azaroan iragarri zuen oinarriek edukiko zutela azken hitza, betiere Mahai Politikoak egindako proposamena oinarri hartuta. Hala, ERCren eta PSOEren arteko negoziazioek aurrera egin duten honetan, abstentzioaren aldeko hautua egin du koalizioaren zuzendaritzak.