Transferentziak
Josu Erkoreka: 'Estatutuaren eskumen guztiak transferitu daitezke 2020an'
Radio Euskadi | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako gobernuarekin adostutako egutegia betetzea lehenesten du. "Gernikako Estatutua osatzean jarri behar dugu gure ahalegina", esan du.
"Has gaitezen lanean lehenbailehen". Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea "harrituta" agertu da Espainiako gobernu berriko ministroen izendapena atzeratu delako.
Berehala martxan jarri beharreko neurrien artean, Estatutuaren transferentzien egutegia betetzea azpimarratu du Erkorekak: "Ez da bateraezina Gernikako Estatutua osatzea eta Legebiltzarrean beste bat onartzea", adierazi du. Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, "Estatutu berri bat izan arte, asko aurreratzen ari den arren, gure ahalegina Gernikako Estatutua osatzera bideratu behar dugu".
Egutegiaren harira, Erkorekak esan du 2020an eskumen guztiak transferitzea helburu "handinahia" dela, baina ondoren "posible" dela gaineratu du. Ildo horretan, transferentzien zerrendan Gizarte Segurantzari dagokiona sartzea eskatuko duela esan du Erkorekak. Horrenbestez, "berriro bilduko gara Transferentzien Batzorde Mistoa prestatzen duten lantaldeetan", adierazi du. "Gauza guztietan tematuko gara", laburbildu du Erkorekak. "Euskal arazoarekiko sentibera den eta euskal agenda akordiorako borondatearekin jorratzeko interesa duen gobernu bat komeni zaigu".
"Hiltzaile oihuak entzun ditugu Kongresuan, EH Bildu ez zegoenean", azpimarratu du. Bestalde, Erkorekak ukatu egin du inbestidura saioan izandako sumindura zerbait berria denik. "Eskuina neurriz kanpo atera da, baina ez da hori egiten duen lehen aldia". Erkorekaren ustez, "eskuinetik desadostasunarekiko intolerantzia" ez da berria Espainiako politikan.
Gogora Memoriaren Institutuak EAJrekin lotura duten pertsonen enpresei egindako kontratuen inguruan sortutako eztabaidari dagokionez, Erkorekak Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' albistegian gogorarazi du "ez dela irizpenik eman haien legezkotasunari buruz, kontrol ekonomikoko bulegoak egingo duelako", baina gaineratu du "nolanahi ere, ez liratekeela zigor-arloan garrantzitsuak izango, administratiboki irregularrak baizik".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.