Katalunia
Torrak Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kautelazko galarazpena eskatu du
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Hauteskunde Batzordeak adostu du diputatuaren egiaztagiria kentzea Generalitatearen presidenteari, preso dauden buruzagi independentisten askatasunaren aldeko pankarta batengatik.
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenaren aurrean. Hauteskunde Batzordeak Torrari diputatuaren egiaztagiria kentzea adostu du, eta Torrak akordio horren kautelazko galarazpena eskatu du.
Akordio horren ostean, helegiteak "oinarrizko eskubideen babesa" aldezten du. Ostiralean jakinarazi zuten erabakia, eta astearte honetan jaso du ofizialki Torrak.
Batzordeak Torrari diputatuaren egiaztagiria kentzea agindu du; izan ere, Generalitatearen balkoian preso dauden buruzagi independentisten askatasunaren gaineko pankarta bat zintzilik uzteagatik zigortu zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak.
Helegiteak dio Hauteskunde Batzordeak ez duela “beharrezkoa den inpartzialtasuna”, eta kautelazko neurriak eskatzen ditu; bestela, baliteke kalte larri eta konponezina eragitea, Torrari ez ezik, Kataluniako Parlamentuari, gainerako diputatuei eta Ganberak ordezkatzen dituen eta Torra hautatu zuten herritarrei ere.
Hauteskunde-administraritzak "argi eta garbi ez du eskumenik diputatu-mailaren galeraz ebazteko"
Halaber, helegiteak dio hauteskunde-administraritzak “argi eta garbi” ez duela eskumenik “diputatu-mailaren galeraz ebazteko”. Erantsi ere eransten du Bartzelonako Hauteskunde Batzorde Probintziala soilik 2019ko azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako osatu zutela.
Helegitearen arabera, Hauteskunde Batzordearen akordioak “oinarrizko eskubideak urratzen ditu”, eta horren asmo bakarra da “Torrari eta berak ordezkatzen dituen herritarrei” Kataluniako presidentearen eskubide politikoak kentzea.
Halaber, Torrak ez duela inolako bateraezintasunik adierazten du. Hortaz, helegiteak akordioak hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituela dio, eta arbitrariotasuna eta botere-desbideratzea dakartzala, Torrari eskubideak kentzeko.