Katalunia
Preso independentistei bigarren gradua berretsi die Generalitateak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxeetako tratamendurako batzordeek baztertu egin dute hirugarren gradua proposatzea 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik kartzelatutako buruzagi independentistentzat.
Preso dauden buruzagi independentista katalanei bigarren gradua aitortu diete. Lledoners, Puig de les Basses eta Mas Enric kartzeletako tratamendurako batzordeek hala proposatu zuten eta orain Generalitateak erabaki hori berretsi egin du.
Tratamendurako batzordeak abenduaren 11n bildu ziren, eta preso politikoei bigarren gradua ematea ebatzi zuten, oraingoz hirugarren gradua aitortzea baztertuta.
Justizia Departamentuak otsailera arteko epea zeukan presoei ezarri beharreko sailkapenari buruzko azken erabakia hartzeko. Lehen gradua zorrotzena da; bigarren graduak espetxetik egunez ateratzeko aukera ematen du; eta hirugarren graduan, kartzelara gauean soilik bueltatu behar da presoa.
Preso independentistek hirugarren gradua eskatu zuten, baina gaurko erabakiarekin Generalitateko zigor neurrien idazkaritzak aukera baztertu egin du.
Bigarren graduan sailkatutako presoak espetxetik egunez ateratzeko aukera izan dezake, lan egiteko eta boluntario gisa aritzeko bada.
Bestalde, bigarren graduan egonda, Auzitegi Gorenaren kontrola saihestuko dute preso politikoek; izan ere, espetxeetako baimen horien kontrako errekurtsoak Bartzelonako Auzitegian ebatzi behar dira. Sailkapenari buruzko auziak, berriz, Gorenak aztertu behar ditu.
Bigarren gradua onartuta, zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoek kartzelatik ateratzeko baimenak eskatu ahalko dituzte. Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek datorren asteartean beteko dituzte zigorraren hiru laurdenak eta, beraz, horiek izango dira onurak eskatzen lehenak.