Koalizio-gobernua
Izen berri gutxi, Gobernu berriaren Ministroen Kontseiluan
Agentziak | Erredakzioa
Besteak beste, Grande-Marlaskak, Marotok, Planasek, Abalosek eta Roblesek jarraituko dute orain arteko Ministerioetan; Illa, Escriva eta Gonzalez Laya sartu dira, ostiralean jakinarazi dutenez.
Ostiral honetan, ostegunean bezala, Espainiako Gobernu berriaren ministroen izenak ari dira argitaratzen, pixkanaka. Hainbat Ministeriotan, gehienetan, aurreko legealdiarekin alderatuta, ez dago aldaketarik; hala ere, ministro berri batzuk ere badaude.
Hala, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Reyes Maroto Industria ministroak Espainiako Gobernuan jarraituko dute, eta orain arteko Ministerioak zuzentzen izango dira aurrerantzean ere. Luis Planasek eta Jose Luis Abalosek ere jarraituko dute orain arteko Ministerioetan, alegia, Nekazaritzan eta Sustapenean, hurrenez hurren. Azken Ministerio horri, halaber, beste izen bat eman diote, eta hemendik aurrera Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda izango da.
Margarita Roblesek ere jarraituko du orain arte egon den Ministerioan, Defentsan hain zuzen ere; Atzerri Ministerioa, aldiz, beste pertsona baten esku izango da (Roblesen zuzendaritzapean egon da azken hilabeteotan, jardunean): Arancha Gonzalez Laya gipuzkoar juristak hartuko du bere gain.
Osasun Ministerioan, PSCko Antolakuntza idazkari Salvador Illak hartuko du ardura hemendik aurrera. Gizarte Segurantza, Gizarteratze eta Migrazio Ministerio berrian, aldiz, Jose Luis Escriva izango da ministroa; Escriva, egun, Ardura Fiskalaren Aginpide Independentearen presidentea da.
Carolina Darias Kanariar Uharteetako kontseilaria Lurralde Politika eta Funtzio Publiko ministro berria izango da, Moncloako iturriek baieztatu dutenez. Darias Kanarietako Gobernuaren Ekonomia, Ezagutza eta Enplegu kontseilaria da egun.
Jose Manuel Rodriguez Uribes, Espainiako Gobernuak Madrilen izan zuen ordezkaria, Kultura eta Kirol ministro berria izango da.
Juan Carlos Campo magistratua, 2015etik diputatua Kongresuan, Justizia ministro berria izango a koalizio Gobernuan, Dolores Delgado fiskala ordezkatuz.
Aldaketa batzuk
2018ko ekainean iritsi ziren Grande-Marlaska eta Reyes Maroto Pedro Sanchezen Exekutibora, Mariano Rajoy kargutik kentzeko mozioa aurrera atera ostean. Ordura arte, gaur egungo Barne ministroa, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide zen, eta, Industria arduraduna, PSOEko diputatu zen Madrilgo Batzarrean.
Luis Planas, zurrumurruen arabera, Atzerri Ministerioaren buruan egotekoa zen; azken hilabeteotan, gainera, Lurralde Politikaz arduratu da, Meritxell Batet Kongresuko presidente izendatu zutenetik. Azkenean, baina, Nekazaritzan jarraituko du.
Salvador Illa Osasun ministro berria PSOEren negoziazio-taldean izan da, azken asteotan, sozialistek ERCrekin izandako batzarretan; horien buruan, ERC abstenitu egin zen Sanchezen inbestiduran.
Jose Luis Escriva 2014tik dago Ardura Fiskalaren Aginpide Independentearen presidente; 2015eko azaroan, halaber, EBtik independenteak diren Erakunde Fiskalen Sarearen Presidentetzan dabil.
Orain arteko Sustapen Ministerioa Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa izango da
Orain arteko Sustapen Ministerioak Jose Luis Abalosen zuzendaritzapean jarraituko du (2018ko ekainean hartu zuen kargua bere gain Abalosek), baina izena aldatu diote; hemendik aurrera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa izango da.
Aldaketa horren asmoa da helaraztea mugikortasun jasangarri, eraginkor eta segurua garatzea dela lehentasuna; Mugikortasun Lege berri batean ere nahi dute hori islatzea.
Jarduneko ministro gisa egindako azken adierazpenetako batzuetan, Abalosek nabarmendu zuen beharrezkoa dela Estatuko ituna erdiestea azpiegitura eta mugikortasunari dagokienez; xedea litzateke politikak mugikortasuna izatea protagonista, ez horrenbeste azpiegitura berriak sortzea.
Mugikortasunaren erronkaz gain, trantsizio ekologikoaren estrategiarekin bat, Abalosen beste erronka nagusietakoa izango da tren-bidaiarietako garraioaren konpetentzia zabalduko dela. Hain zuzen ere, aurtengo amaierarako dago aurreikusita konpetentzia hori irekitzea. Balio gutxiko Abiadura Handiko Trenaren sarrerari ere heldu beharko dio.
Etxebizitzaren eskumenei eutsiz gero, horrez gain, Abalosek alokairuaren prezioei mugak jartzeko konpromisoa kudeatu beharko du. Konpromiso hori PSOEk eta Unidas Podemosek lotutako Gobernu-akordioak aurreikusten du.
Lau presidenteorde
Ministroen izenak ostegunean hasi ziren baieztatzen. Hala, Sanchezek lau presidenteorde izango ditu: Carmen Calvo (Presidentetza, Gorteekiko harremanak eta Memoria); Pablo Iglesias (Eskubide Sozialak eta Agenda 2030); Nadia Calviño (Ekonomia eta Tranformazio Digitala) eta Teresa Ribera (Trantsizio Ekologikoa eta Demografia).
Gainera, Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak eta Pedro Duque Zientzia ministroak karguei eutsiko diete.
Era berean, Unidas Podemosek lau ministro izango dituela baieztatu du Moncloak: Irene Montero (Berdintasuna), Yolanda Diaz (Enplegua), Manuel Castells (Unibertsitateak) eta Alberto Garzon (Kontsumoa).
Maria Jesus Monterok Ogasun Ministerioan jarraituko du, Moncloako iturriek baieztatu dutenez, eta, halaber, Gobernuaren bozeramaile berria izango da, Isabel Celaaren ordez.