Koalizio-gobernua
Arancha Gonzalez Laya legelari gipuzkoarra izango da Atzerri ministro berria
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko Merkataritza Zentroko (ITC) zuzendari exekutiboa da 2013tik, garapen bidean dauden herrialdeetako enpresak lehiakorragoak izatea helburu duena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arancha Gonzalez Laya (Tolosa, 1969) legelaria izango da koalizio-gobernuko Atzerri, Europar Batasuna eta Lankidetza ministroa, Margarita Robles gaur egungo Defentsa ministroaren ordez, Moncloako Jauregiko iturriek ostiral honetan baieztatu dutenez.
Gonzalez Laya, Nazioarteko Merkataritza Zentroko (ITC) zuzendari exekutiboa da, alegia, Nazio Batuen eta Munduko Merkataritza Erakundearen agentzia bateratuko kidea, garapen bidean dauden herrialdeetako enpresak lehiakorragoak izatea helburu duena.
Hala, izendapen horrekin, agerian geratzen da Espainiako Gobernuak iragarritako asmoa, hau da, diplomazia ekonomikoari lehentasuna emango dion profilari ematea Atzerri Ministerioaren ardura.
Bere ibilbidea sektore pribatuan hasi ondoren, Europako Batzordean hainbat kargu izan ditu nazioarteko harremanen, merkataritzaren, komunikazioaren eta garapenerako lankidetzaren esparruan.
Erakunde horretan, Pascal Lamy frantziarraren bozeramailea izan zen, Merkataritza komisarioa zenean, eta, ondoren, haren kabineteko zuzendaria Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) agintaldian, baita haren ordezkaria ere G20an.
Zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta Europako Zuzenbidean graduondoa egin zuen Madrilen, Carlos III.a Unibertsitatean. Gainera, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz hitz egiten du.
Gaur egun, Genero-berdintasunaren aldeko Txapeldunen Munduko Kontseiluko (International Gender Champions, ingelesez) buru da, eta Munduko Ekonomia Foroaren (WEF) Merkataritzaren Etorkizunari eta Inbertsioari buruzko Kontseiluko presidentekide.
Horrenbestez, hiru euskal ministro izango dira koalizio-gobernuan: Isabel Celaa (Bilbo, 1949) Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa, Fernando Grande-Marlaska (Bilbo, 1962) Barne ministroa eta Arancha Gonzalez Laya (Tolosa, 1969) Atzerri, Europar Batasuna eta Lankidetza ministroa.