Espainiako Gobernua
Ministro Kontseiluak pentsioen % 0,9ko igoera onartuko du gaur ziurrenik
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusi izendatzea proposatuko dute. Demokraziako bigarren Ministro Kontseilurik jendetsuena izango da, 22 ministrok osatuko baitute.
Espainiako koalizio-gobernuaren lehen Ministro Kontseiluak pentsioak % 0,9 igotzea onartuko du gaur, asteartea, ziurrenik. Izan ere, hitzartutako igoera hori airean geratu zen iaz egindako azken bileran, Gobernua osatu arte. Halaber, Dolores Delgado Justizia ministro ohia Estatuko fiskal nagusi izendatzea proposatuko du Sanchezek.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea demokraziako bigarren Ministro Kontseilu jendetsuenaren aurrean izango da. Guztira, 22 ministro (lau presidenteorde tartean) bilduko dira Espainiako Gobernuko presidentearekin; PSOEko 18 kide eta Unidas Podemoseko 5 eseriko dira mahaiaren inguruan.
Bileraren aurretik, Exekutiboko kideak banan-banan iritsiko dira Moncloako jauregira, Ministro Kontseiluaren egoitzara, eta ohiko argazkia egingo dute gero eskaileretan, presidentearekin batera. Bileraren ostean, agerraldia egingo du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Pentsioen erronka
Gobernu berriaren beste erronketako bat pentsioak dira. Argi utzi zuen hori Jose Luis Escriva Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro berriak, astelehenean, karguaz jabetutakoan; Escrivaren esanetan, pentsioak KPIa kontuan izanik eguneratuko dira.
Halaber, zahartze demografikoari aurre egiteko irtenbide "zuzenak eta bidezkoak" hartuko dituztela nabarmendu zuen, eta Gizarte Segurantzaren defizitari modu "azkar eta eraginkorrean" egingo diotela aurre.
Hori lortzeko, ministroak adierazi zuenez, indar politikoen eta gizarte-eragileen arteko adostasuna beharko da pentsioen sistemaren erreformari heldu ahal izateko. Sistema horren kaudimena ere aipatu zuen, erronken artean.
"Pentsioen sistema osoaren ikuspegi bat izan nahi dugu; izan ere, gure helburua da pentsioen merkatuaren kaudimena eta nahikotasuna indartzea, eta pentsiodunei ziurtasuna ematea, epe motzera, ertainera eta luzera", nabarmendu zuen Escrivak. Horren hitzetan, Ministerioak bere gain hartuko ditu klase pasiboen pentsioak (2011 baino lehen erretiroa hartu zuten funtzionarioenak), eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren sistemaren gaineko hausnarketa egingo duela gaineratu zuen.
Hortaz, ostiralean beste Ministro Kontseilu bat egingo badute ere, Gobernuak ez du ordura arte itxarongo erabaki handiak hartzeko, Gobernuaren iturriek iradoki dutenez.