Itxi

Espetxe-politika

ETAko 210 presoak hurbiltzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Sanchezi

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jonan Fernandezek iragarri du Jauraritzak proposamen berria igorriko diola Espainiako Gobernuari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainian dauden ETAko 210 presoak EAEko, Nafarroako edo gertuko zazpi kartzelatara hurbiltzea xede, Eusko Jaurlaritzak eguneratutako proposamena egingo dio Espainiako Gobernu berriari; hain zuzen ere, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusiak zehaztu duenez, ondorengoak dira zazpi kartzela horiek: Zaballa, Basauri, Martutene, Iruñea, Dueso (Kantabria), Logroño eta Burgos. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, nolanahi ere, proposamena gaitzetsi du.

ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioari egindako adierazpenetan, Fernandezek azaldu du Jaurlaritzaren asmoa, dokumentu horrekin, “kontzeptu-aldaketa” proposatzea dela; izan ere, orain arte, presoei eskatzen zitzaien birgizarteratze-programa bat hastea gerora euskal edo Euskal Herritik gertuko kartzeletara eramateko, baina orain, aldiz, ideia da alderantziz egitea: hau da, presoak gerturatzea, lehenik, eta gerora hastea birgizarteratze-bide hori.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (biktimen elkarterik handiena da), aldiz, Carmen Ladron de Guevara abokatuak berriro ere gaitzetsi du Jaurlaritzaren plan hori. Ildo horretan, gogora ekarri du Iñigo Urkulluren Gobernuak, 2017an, proposatu zuela ETAko presoak gehienez 250 kilometrora egotea.

"Birgizarteratze-elementua"

"Gaitzesten dugu hau. Gure iritziz, sakabanatzeari eutsi behar zaio, presoen birgizarteratze-elementu bezala hartuta. Gerturatzeak ezin daitezke orokorrak izan, banan-banakoak baizik, eta birgizarteratze-iragarpen on batean oinarrituta", esan du abokatuak.

Jonan Fernandezek, aldiz, uste du aukera dagoela presoak hurbiltzeko: "Kontzeptua izan beharko litzateke presoak, birgizarteratze-prozesuari ekiteko, gertu egon behar direla", berretsi du.

Halaber, nabarmendu du hori ez dela presoentzako "oparirik", baizik eta "euren familientzako justizia". Fernandezen iritziz, beharrezkoa da birgizarteratze-eredua aztertzea; helburua litzateke eredu hori irekiagoa izatea, espetxetik irten osteko birgizarteratzeari laguntzen dion eredu bat, alegia.

Covitek Eusko Jaurlaritzari ETAko presoen "asmoen aurrean amore ematea" leporatu dio

Covite, Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak "ETAko Presoen Taldeak espetxe politikoaren arloan dituen asmoen aurrean amore ematea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

Covitek "gogor" kritikatu du ETAko 210 preso Euskal Herritik gertuko kartzeletara eramateko proposamena. Biktimen kolektiboak "aurrez aurreko gaitzespena" adierazi dio Eusko Jaurlaritzaren proposamenari; izan ere, bere ustez, "ETA-ko Presoen Taldeak betidanik eskatu izan duen espetxe politika bera proposatzen du, presoen hurbilketa kolektiboa, indarkeria arbuiatzeko eskatu gabe".

Coviteren ustez, "ETAko presoen sakabanaketa politikaren benetako erantzulea ezker abertzalea da, eta ez zuzenbide estatua". "Presoak ez damutzearen aldeko marra gorriak altxatu besterik ez du egin behar, gizarteratzeko bideak har ditzaten", azpimarratu du.

"Ezker abertzaleak betidanik izan du bere esku dispertsioaren amaiera, baina nahiago du etekin politikoa ateratzen jarraitu Estatuari eta biktimei errua leporatzen. ETAko presoei talde terroristatik aldendu eta euskal kartzeletara gerturatzeko aukera eman beharrean", babestu du Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak.

Covitek uste du ETAri "gaitzespena" ematea "ETAko presoak hurbiltzeko oinarrizko baldintza" izan behar dela. "Erakunde terroristak suposatu duen guztiaren gaitzespen indibiduala izan behar du, inola ere ez kolektiboa", zehaztu du.

Kolektibo horren ustez, ezinbestekoa da Estatuak "eskakizun horren bidez indarkeriaren arbuioan oinarritutako zoru etikoa ezartzea", eta Espainiako Gobernuari ohartarazi dio "euskal nazionalismoak" ezin diola markatu "ETAko presoen arloan duen ibilbide-orria".

"Bere iragan kriminalaz harro dauden presoak adoretzen duten testuinguru batera hurbiltzea ez du gizarteratzean laguntzen", ohartarazi du Covitek.

Bideoak (1)