Venezuela
PSOEk eta PPk Guaido elkarrekin hartu dute, baina Casadok Abalosen dimisioa eskatu du
Agentzia | Erredakzioa
Pablo Casado (PP) eta Hector Gomez (PSOE) elkarrekin joan dira Guaidori ongietorria egiten, Madrilen. Atzerri ministroak "polemika antzuei" garrantzia kendu die.
Jose Luis Abalos Garraio ministroa "berehala kargutik kentzeko" eskatu dio Pablo Casado PPko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordearekin Barajaseko aireportuan izandako bileraren inguruan "sei aldiz gezurretan" aritzea egotzita.
"Abalosek bi egun daramatza espainiarrei gezurretan. Gaur seigarren gezurraren berri izan dugu eta oraindik ez dakigu Barajasen zer gertatu zen", ziurtatu du Casadok, Juan Guaido Venezuelako oposizioaren buruzagiarekin Madrilen bildu ondoren.
Casado eta Hector Gomez PSOEko zuzendaritzaren Nazioarteko Harremanetarako idazkaria elkarrekin joan dira Casa Americara, Guaidori ongietorria egiteko.
PPko buruzagiak Abalos kritikatu du, inork ez duela kargutik kenduko esateagatik. Casadoren hitzetan, Nicolas Maduroren bigarrenarekin izandako bilerak "lau ministrori eragiten die dagoeneko": Pablo Iglesias, Fernando Grande-Marlaska, Arancha Gonzalez Laya eta Abalos berari.
"Sanchezek Abalos berehala kargutik kentzen ez baldin badu, gaia Parlamentura eta Europara eramango dugu", adierazi du Casadok. Sanchezek Guaido hartu ez izana deitoratu du PPko buruzagiak, besteak beste, Frantzia, Alemania eta AEBetako presidenteekin bildu denean.
Pablo Casado PPko presidentea eta Juan Guaido, bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen oposizioko buruzagia. Argazkia: EFE
Bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuan Venezuelako enbaxadoreak jaso zituen 25 milioien "berri berehala" emateko eskatu dio Casadok Sanchezi, "aldi berean korbeten salmenta egin zelako".
Azkenik, "Venezuelako demokratekin edo justiziaren aurrean bere krimenengatik erantzun beharko duen Nicolas Maduro tiranoarekin dagoen" erabakitzeko eskatu dio PPko buruzagiak Sanchezi.
Bestalde, Abalosek Barajaseko aireportuan Delcy Rodriguez Venezuelako presidentearekin izandako bilera "ustekabekoa" izan zela esan du Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak. Zentzu horretan, "polemika antzuei" garrantzia kendu die Gonzalez Layak.
Amerikako Estatu Batuek bileragatik protesta egin izanaren berririk ez duela erantsi du Atzerri ministroak.
Gonzalez Layaren ahotan, Espainiak Venezuelan egin beharreko ekarpena "hauteskunde aske, garden eta demokratikoak egiten laguntzea da, Venezuelako herriak etorkizunean nola gobernatu nahi den erabaki dezan".