AUZITEGI NAZIONALA
Perez de los Cobosek "oztopoak jartzea" leporatu dio Traperori
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Mossoen buru ohiaren hitzak gezurtatu ditu, eta Mossoek U-1erako pertsonal "nahikoa" zutela esan ziela nabarmendu du.
Eskualdeko polizia bere aginduetara egonez gero, bere lehen erabakia Jose Luis Trapero "baztertzea" izango zela adierazi du Guardia Zibileko Diego Perez de los Cobos koronelak (2017ko urriaren 1eko erreferenduma galarazteko polizia dispositiboaren koordinatzailea), etengabe baitzebilen "oztopoak jartzen" operazioa antolatzeko prozesuan.
Traperoren eta Mossoen agintaritza politikoaren kontrako epaiketan, Perez de los Cobos izan da akusazioaren lehen lekukoa. Bere agerraldian, Mossoen buru ohiaren hitzak gezurtatu ditu, eta Mossoek U-1erako pertsonal "nahikoa" zutela esan ziela nabarmendu du.
Ahozko epaiketaren lehen egunean, polizia autonomikoak ezin izan zuela bere kabuz bozketa geldiarazi adierazi zuen Mossoen burua zenak eta hura ez zela polizia talde bakarraren lana, Polizia Nazionalarena eta Guardia Zibilarena ere bazelako.
Hala ere, Traperoren jarrera "ez zen laguntza eskatzeko izan", azpimarratu du koronelak. Horren esanetan, bere izendapena baliogabetzea eskatu zion Traperok Kataluniako fiskal nagusiari bidalitako gutun batean, eta Mossoek ez zutela laguntzarik eskatu gaineratu zuen bertan, pertsonal "nahikoa" zutelako.
Operazioaren koordinatzaile izendatu zuten unetik Traperorekin zailtasunak izan zituela esan du koronelak, baina argi utzi du ez zuela inongo botererik Esquadra Mossoen gainean. Izan balu, lehen erabakia Jose Luis Trapero "baztertzea" izango zela adierazi du, etengabe baitzebilen "oztopoak jartzen" operazioa antolatzeko prozesuan.
Perez de los Cobosen arabera, poliziaren jardueraren inguruan "iruzkin" bat egin zuen aldi bakarrean Traperok "malguki bat bezala egin zuen salto" argi uzteko koronelak ez ziola agindurik emango.
Erreferenduma egin baino lehen Mossoen goi-karguekin izandako bilera guztiak nabarmendu ditu Perez de los Cobosek, baina irailaren 28ko Segurtasun Batzordean Trapero Carles Puigdemonten eta Joaquim Fornen alde jarri zela azpimarratu du.
Topaketa horretan, Puigdemontek urriaren 1ean Mossoek nola jardun behar zuten adierazi zuela esan du koronelak. Haren iritziz, Generalitateak Mossoekin topo egin izan balu, eta horiek ez balira haiekin lankidetzan arituko, deialdiak ez zuen aurrera jarraituko.
Horri dagokionez, polizia autonomikoaren plana filtratu egin zela adierazi du koronelak, eta herritar guztiek bazekitela nola jardungo zuen poliziak eta zein kasutan ez zuen jardungo (umeen edo pertsona nagusien aurrean edo erresistentzia pasiboa izanez gero, esaterako).
"Oro har pasibotasuna eta kasu batzuetan eragozpena egon zen Mossoen aldetik", Perez de los Cobos koronelaren hitzetan.