Itxi

Zaldibarko luizia

"Joko zikin bat dago ezbeharra aprobetxatu nahi izan duena bere joko politikorako"

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bozeramaileak dio Eusko Jaurlaritza "une oro" izan dela Zaldibarko luiziari oso adi, eta Verter Recycling enpresaren jarrera gaitzetsi du: "Ez du laguntzarik eman".

Josu Erkoreka, asteazken honetako elkarrizketan. Argazkia: Radio Euskadi.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du "Zaldibarko ezbeharragatik" Jaurlaritzaren aurka egitea "joko zikina" egitea dela. Asteazken honetan Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan egin dioten elkarrizketa batean, Erkorekak esan du Jaurlaritza "une oro" izan dela gai horri oso adi, eta Verter Recycling enpresaren jarrera gaitzetsi du. "Ez du laguntzarik eman", salatu du.

"Lehendakaria lehen egunetik izan da gaiari adi", nabarmendu du Erkorekak, "bai eta erakundeetako gainerako karguek ere". Bozeramaileak kontrakoa diotenei erantzun die, "Twitterren bidez" ari direnei tartean. Batzuen iritziz, luizia gertatu den inguruan "desinformazioa" da nagusi, baina Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du "ia-ia lehen egunetik" hitz egin dutela senideekin: "Egoera zein den jakinarazi zaie, hasieratik". Hori bai, onartu egin du "hobeto" egin zitekeela, "seguru".

"Airearen eta uraren kalitatea ona da. Zabortegiko goialdea egonkortzea da premiazkoena, itzaltze-zerbitzuek sua itzali ahal izan dezaten". Su hori, Erkorekaren esanetan, "ura erabiliz itzaltzen ez diren gaiak erretzen ari da, ura behar duten gaiak, alegia".

Ura erabiltzeak arriskuak ekar litzakeela onartu du Erkorekak, zaborretan izan lezakeen eraginagatik. Luizia gertatu den inguruko etxeetan ezin dute txorrotako urik edan, baina, esan duenez, hori "neurri prebentiboa da". Eibarko, Zaldibarko eta Ermuko uraren kalitatea ona dela berretsi du, informazio hori "lehen unetik" ez zutela zabaldu onartu arren.

Enpresaren jarrera gaitzetsi du

Horrez gain, Verter Recycling enpresa gaitzetsi du; izan ere, "ez die laguntzarik eman lan- eta ingurumen-ikuskatzaileei", horren esanetan. Jaurlaritzaren ustez, enpresarekin izandako harremana "oso eskasa" izan da: "Ostegun arratsaldean ere ez genuen topatzen beharrezko informaziorik zuen baliozko solaskiderik". Une honetan, harremana dute enpresarekin, esate baterako aurretik izandako luizien gaineko informazioa trukatzeko. Ingurumen Sailak bazekien irregulartasunak zeudela, baina ez zuen mendi-magaleko balizko ezegonkortasunaren gaineko daturik; amiantoak "baimena" zuen, baina beste gai "arriskutsu" batzuk, aldiz, baimenik gabe utzi izan dituzte zabortegian.

Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du egoera konpontzeko eskatu diotela enpresari: "Dena den, baliteke guk neurriak hartu behar izatea. Ez gara geldirik geratuko".

Bestalde, lehendakariak apirilaren 5eko hauteskundeak deitu berritan, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatutako transferentzien inguruko datarik ez du eman Erkorekak.

Albisteak (9)

Audioak (1)