Itxi

Katalunia

Kartzelatik astean hiru egunetan ateratzeko baimena eman diote Forcadelli

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Kataluniako presidente ohiari 11 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Borondatezko lanak egiteko eta adineko senide bat zaintzeko atera ahalko da kartzelatik.

Carme Forcadell, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

Kartzelatik astean hiru egunetan eta gehienez bederatzi orduz ateratzeko baimena eman dio Mas d’Enric espetxeko (Tarragona) Tratamendu Batzordeak Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuari.

Forcadell bigarren graduan dago, baina espetxeko bizi-baldintzak arintzea ahalbidetzen duen 100.2 artikulua aplikatu diote. Horrela, bada, borondatezko lanak egiteko eta adineko senide bat zaintzeko kartzelatik irteteko aukera izango du.

Orain, Tratamendu Batzordeak hartutako erabakiaren berri emango dio espetxeetako zaintza epaitegiari, eta honek, Fiskaltzarekin hitz egin ostean, ebazpena berresteko edo baliogabetzeko aukera izango du.  

Epaitegi horren erabakiaren aurka Tarragonako Auzitegian helegitea aurkezteko aukera egongo litzateke.

Joan den astean, Lledonerseko espetxeko Tratamendu Batzordeak antzeko erabakia hartu zuen, eta Jordi Sanchezi eta Jordi Cuixarti –ANC eta Omnium Cultural erakundeetako buruzagi ohiak, hurrenez hurren- borondatezko lanak egiteko kartzelatik ateratzeko baimena eman zien.

 

Albisteak (2)