OMENALDIA
Historia "faltsutzea" ez dutela onartuko esan dute ETAren biktimek Iruñean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elkarretaratzea egin dute Baluarte Plazan, ETAren biktimak eta "ETAren indarkeriagatik alde egitera behartuta" egon zirenak gogoratzeko.
ETAren biktimak omendu dituzte gaur eguerdian Iruñean. 300 pertsona inguru elkartu dira biktimen hainbat elkartek deitutako ekitaldian. Besteak beste, Anvite elkarteak, Berriozarko Bakearen Bizilagunak taldeak, Tomas Caballero Fundazioak edota Tolerantziaren aldeko Elkarteak antolatu dute omenaldia.
"Egia, Memoria, Duintasuna eta Justizia" lelopean, Baluarte Plazan izan da elkarretaratzea, 12:00etan. Terrorismoaren biktimak gogoratzeko monumentuaren parean lore-eskaintza egin dute lehendabizi, eta, ondoren, minutu bateko isilunea. Nafarroako eta Espainiako ereserkiak entzunez eman diote amaiera ekitaldiari.
Eduardo Lopez-Dorigak irakurri du amaierako agiria, deitzaile guztien izenean. ETAren biktimen historia "faltsutzea eta ahaztea" ez dutela onartuko esan du.
Ezker abertzalea gogor kritikatu du, "ETAren atentatuak ez dituelako kondenatu", eta helburu politikoak lortzeko ezker abertzalearekin akordioetara iritsi diren ordezkari politikoei "konplize" izatea egotzi die.