Itxi

ZALDIBARKO LUIZIA

"Harrokeriaz" kudeatutako krisi baten "gestio txarra" salatu du Alfonso Alonsok

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

"Lotsagarria da Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren jarrera, galdetzen dutenak irainduz, oposizioaren kontra joz jakin nahi izateagatik, eta eskatu zaien informazioa ez emanez" salatu du PPko buruak.

Alfonso Alonso Eibarren. Argazkia: EFE

Alfonso Alonso Euskadiko PPren buruak Eusko Jaurlaritza Zaldibarko krisiaz egiten ari den "gestio txarra" salatu du, baita "herritarrekiko erakusten ari den mespretxua" ere eta "gai hau harrokeriatik kudeatzea" leporatu dio, "ardurak onartzeko inolako asmorik gabe".

Eibarren izan da gaur Alonso, otsailaren 6an luizia izan eta bi langile desagertu ziren Zaldibarko zabortegitik gertu dagoen udalerrian.

Lur-jausia izan zenetik desagertuta dauden langileen senideei "maitasun mezua" eman nahi izan die: "Ulertzen dugu euren mina eta behar dutena. Hori da garrantzitsuena une honetan".

Luiziarekin hasitako krisia "oso gaizki kudeatzen ari da Eusko Jaurlaritza" Alonsoren iritziz, "ardurak alde batera utzi" besterik ez dute nahi, "beste arduradun batzuk bilatu". "Badirudi zabortegiarekin egon den arduragabekeria ezkutatu nahi dutela" gehitu du.

"Lotsagarria da Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren jarrera, galdetzen dutenak irainduz, oposizioaren kontra joz jakin nahi izateagatik, eta eskatu zaien informazioa ez emanez" salatu du PPko buruak.

"Gero eta galdera gehiago" dituztela ere esan du, "zer bota den Zaldibarren eta zer baldintzatan, adibidez" eta "proiektua egokia ote zen martxan jarri zenean".

Asteartean, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematean, galdera horiek denak argitzea espero duela adierazi du Alfonso Alonsok.

Eta gogor kritikatu du, "luizitik 10 egunera", "Eibar-Realaren arteko partida bertan behera uztea bezalako erabakiak hartu direnean, denbora honetan guztian San Lorenzo eskolako haurrak bertara joan izana, zabortegiaren parean egonda".

Alonsoren iritziz, Jaurlaritzak krisi honetaz egin duen kudeaketa "Iñigo Urkullu lehendakariak egin zuen lehen agerraldiaren isla" izan da: "Nabarmen haserre agertu zen honetaz galdetu zioten prentsaurrekoan, lan-istripuez eta katastrofe naturalez hitz egin zuen, eta sare sozialen kontra egin zuen".

Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzearen alde ote dauden galdetuta, aurrena Urkulluren azalpenak entzungo dituztela esan du "baina nabarmena da ikertzeko modukoa dela".

Albisteak (5)