EAE-ko Hauteskundeak 2020
Alonso ez dago partekatzen ez duen akordio bat sinatzeko prest Ciudadanosekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko PPk onartezintzat jo du akordioa alderdi laranjak EAEn duen ordezkaritza ezdeusagatik.
Euskadiko Alderdi Popularreko Alfonso Alonso presidenteak ez dagoela Ciudadanosekin hauteskunde akordio bat sinatzeko prest adierazi dio bere alderdiko zuzendaritza nazionalari, akordioaren edukia hedabideetatik ezagutu baitu eta ez dator bat harekin.
Alonso ez dagoela "desagertuta" eta ez duela "kale egin" Genovako bilerara adierazi dute Alonsoren eta Euskadiko Alderdi Popularraren hurbileko iturriek. Aldiz, Espainiako PPko goreneko instantzien erantzunaren zain dagoela adierazi dute.
Telefono mugikorreko mezu batekin jarri zirela Alonsorekin harremanetan azaldu dute iturriek, Genovan akordio bat sina zezan Ciudadanosekin.
Alonsok ezinezkoa zitzaiola bertaratzea erantzun zuen eta, gainera, ez zuela akordioaren edukia ezagutzen, ez baitzuen parte hartu negoziaketan. Horrez gain, Ciudadanosen arabera, PPk Araba eta Bizkaiko zerrendetako bigarren postuak utziko zizkion alderdi laranjari apirilaren 5eko hauteskundeetan.
Ostegunean, Euskadiko PPk onartezintzat jo zuen akordioa alderdi laranjak EAEn zuen ordezkaritza ezdeusagatik. Ciudadanosek ez du diputatu autonomikorik, ezta batzarkide eta zinegotzirik ere inongo udaletan.
Euskadiko PPko iturriek Alonsok ez duela "kale egin" nabarmendu dute Genovako bilerari dagokionez, PPko Pablo Casado presidentea izan baita alde batera utzi duena Bilboko bisita hauteskunde akordioa ixteko Ciudadanosekin.
Alonsok ezezkoa eman arren, akordio sinatuko duela Ciudadanosekin adierazi du Genovak
PPko zuzendaritza nazionalak apirilaren 5eko hauteskundeetarako akordioa sinatuko duela Ciudadanosekin adierazi du, Alfonso Alonsok ezezkoa eman arren.
Alonsok itun horri uko egiten jarraitzen badu, Alderdi Popularra ez da ausartzen hauteskundeetarako zerrendaburua izaten jarraituko duela ziurtatzen. Erabaki hori berak hartu behar duela azpimarratu dute.
Ciudadanoseko iturrien arabera, akordioa gaur arratsaldean sinatuko da, koalizioa Hauteskunde Mahaian aurkezteko garaiz, epea gauerdian bukatzen baita.
Alderdi bietako iturriek ez dute hauteskunde markari buruz ezer aurreratu nahi izan, ezta zerrenden osaketa ere.