Itxi

ZALDIBARKO LUIZIA

Zaldibarko zabortegiko krisiagatik alderdien mahai bat osatzeko eskatu du EH Bilduk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Larrialdi eta krisi egoeretan, lehentasuna "herritarrak zaintzea eta babestea" izan behar dela gogorarazi du Maddalen Iriartek.

Maddalen Iriarte. Irudia: EFE

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Mikel Otero legebiltzarkideek Zaldibarko zabortegiko luiziaren "erantzukizun politikoak garbitzea" eta "krisia behin betiko konpontzeko" alderdien mahai bat martxan jartzea eskatu die Iñigo Urkullu lehendakariari.

Herritarrek gertatutakoaren eta zabortegiaren egoeraren inguruko "informazio argia eta zehatza" jaso behar dutela adierazi du Iriartek.

Horri dagokionez, Urkulluk eta Gobernuko kideek aste honetan Legebiltzarrean emandako azalpenak ez dutela "egia guztia" azalerazi nabarmendu du.

Era berean, Lehendakariak ez duela erreskateko lehen orduetan emandako deskoordinazio handien azalpenik eman salatu du, Gobernuak "amiantoa zegoela jakin beharko baitzukeen", eta airearen kalitateaz emandako informazioa ilogikotzat eta eskastzat jo du.

Larrialdi eta krisi egoeretan, lehentasuna "herritarrak zaintzea eta babestea" izan behar dela gogorarazi du Maddalen Iriartek, bereziki osasun publikoa dagoenean jokoan.

Bere aldetik, Zaldibarko zereginen artean luizian desagertutako langileen gorpuen erreskatea, suteak eta hondakinen egonkortasuna kontrolatzea, lurraren, uraren eta airearen kutsaduraren jarraipen bat egitea eta informazio gehiago eta kutsatzaileen sakabanaketa mapak eskaintzea azpimarratu ditu Oterok.

Plan integrala

Gainera, azken gai horren eta ingurumenerako eta osasunerako epe luzeko ondorioen "plan integrala" garatu behar dela adierazi du Oterok, baita hondakinen kudeaketarako eta horiek nora eramango diren erabakitzeko antolakuntza "indartsu" bat ere.

Oteroren arabera, "plano teknikoan" larrialdiak kudeatzeko Legea bete behar da eta EAEko babes zibileko lurralde plana jarri behar da martxan. Horrek "erakunde batzuen, Aholku Batzordearen eta informazio kabinetearen sorrera" suposatzen du, eta, kasu honetan, "Gobernuaren irudiaren mesedetan" erabili dela salatu du.

Albisteak (3)