Itxi

Katalunia

PPk Torraren aurka jarritako kereila ikertzeari uko egin dio Kataluniako Justiziak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak PPren eskaera atzera bota du, Generalitateko presidentea kargutik kentzea agindu duen "agindu juridikorik" ez dagoela iritzita.

Quim Torra, Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

PPk Quim Torra Generalitateko presidentearen aurka ustezko usurpazioagatik aurkeztutako kereila ikertzeari uko egin dio astearte honetan Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, diputatu izaera galdu arren kargutik kentzera behartzen duen "lotura juridikorik" ez dagoela iritzita.

Astelehenean sinatutako epaian, Fiskaltzaren irizpidearekin bat etorrita PPren eskaera tramitera ez onartzeko arrazoiak eman ditu arlo zibileko eta zigor arloko salak. Izan ere, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra diputatu gisa inhabilitatu ostean Kataluniako Parlamentuak diputatu akta kendu zion arren, karguan mantentzea leporatu zion PPk Torrari. Alabaina, zigorra ez da irmoa oraindik. 

PPren arabera, Hauteskunde Batzordeak desobedientziagatik zigortu ondoren diputatu izaera galtzeak Generalitateko presidente kargua uztea dakar zuzenean, Konstituzioari eta Autonomia Estatutuari jarraiki.

Dena dela, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, "ez dago diputatu izaera galtzeak Generalitateko presidente kargua kentzera behartzen duen inolako lotura juridikorik". Izan ere, Kataluniako Parlamentuak eztabaidatu behar du gai hori, eta erakunde horrek hartutako erabakiaren aurka helegitea jar daiteke gero epaitegietan.    

Hala, Auzitegi Nagusiaren iritziz, PPk bere kereilan planteatzen duen interpretazioa "ez da, bistan denez, posible den bakarra". Testuinguru horretan, epaileek ez dute Generalitateko presidentearen diputatu izaera galtzearen inguruan "legezko doktrinarik aurkitu". Horrela, PPk bere kereilan aipatzen dituen Auzitegi Konstituzionalaren bi epaiak "ezin dira Torraren egoerarekin alderatu".

Nolanahi ere, Kataluniako Justiziak ohartarazi duenez, zigor-arloko jurisdikzioari ez dagokio PPren kereilak aipatzen dituen adibideen "interpretazio juridikoa" egitea, eta, beraz, "ez dagokio auzia sakonago aztertzea”.

Albisteak (3)