Presoak
Ibon Fernandez Iradi kartzelan mantentzea erabaki du Frantziako Justiziak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den azaroan ETAko presoa aske uztea erabaki zuen epai-mahaiak, baina fiskalak helegitea jarri zuen eta orain espetxean jarraituko du. Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza dauka.
Ibon Fernandez Iradi presoa kartzelan mantentzea erabaki du Frantziako Justiziak, esklerosi anizkoitza duen arren.
Joan den azaroan Parisko Apelazio Auzitegiak Fernandez Iradi aske uztea erabaki zuen, baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen eta orain kontrakoa ebatzi du, horretarako arrazoi medikorik ez dagoela argudiatuta.
Bigarren aldia da Fernandez Iradiren askatasunaren aurkako ebazpena ematen dutela. 2016an errefusatu zuten lehen aldiz haren abokatuek egindako eskaera.
Bakegileek "onartezintzat" eta "eskandalutzat" jo dute epai-mahaiaren erabakia, Euskal Herriko testuinguru politiko berria kontutan hartu ez duela iritzita.
Hortaz, euskal gizarteari dei egin diote presoen eskubideen defentsan datorren apirilaren 8an Baionan egingo duten mobilizazioan parte hartzeko.
¿ Zigor aplikaziorako ganbarak, berriz ere, ez du onartu Ibon Fernandez Iradik galdeginiko zigor suspentsio eskaera. Eskaera lehen auzialdian onartua izan zen. @EmmanuelMacron #OrainPresoak pic.twitter.com/5aYIdlvmxr
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) February 27, 2020