ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Ecenarro: "Hendaian ezker abertzalea da gure bazkide naturala"
RADIO EUSKADI | EITB.EUS
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, hainbat gai izan ditu hizpide Hendaiako auzapezak. Besteak beste, datozen udal hauteskundeen, koronabirusaren, presoen edota migrazioaren inguruan aritu da.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Kotte Ecenarro (Alderdi Sozialista) Hendaiako auzapezak karguari eutsi nahi dio eta helburu hori du datozen udal hauteskundeei begira. Lehen itzulian bakarrik aurkeztuko dela jakinarazi du, eta emaitzen arabera, baliteke bigarren itzulian ezker abertzalea izatea bidelagun. "Hendaian ezker abertzalea da gure bazkide naturala", esan du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Ecenarrok adierazi du azken legealdian Emmanuel Macronen Gobernuak "kendutako eskumenak berreskuratzea" dela datozen urteotarako mahai gainean duten helburu nagusienetako bat.
Euskal presoei buruz galdetuta, auzapez lapurtarrak esan du gainerako presoen eskubide berberak izan beharko lituzketeela, eta horrenbestez, euren etxeetatik gertu bete beharko luketeela zigorra.
Migrazioari buruz ere aritu da Ecenarro. Horren iritzian, Hendaiara iristen diren migranteak oso ordu gutxi igarotzen dituzte, Frantziako Poliziak atzeman eta atxilotzen dituzten arte. Frantziako Gobernuaren eskumena dela ziurtatu du.
Azkenaldian mundu osoa aztoratu duen COVID-19 birusaren inguruan, berriz, Ecenarro kezkatuta agertu da, oraindik Ipar Euskal Herrian koronabirus kasurik baieztatu ez badute ere.