Sexu Askatasuna
'Soilik bai da bai' barne hartzen duen legearen aurreproiektua onartu du Espainiak
Agentziak | Erredakzioa
Egitasmoak 1 eta 4 urte bitarteko kartzela-zigorrarekin zigortuko da sexu-eraso oro. Bortxaketa, berriz, 4 eta 10 urte arteko kartzela-zigorrarekin zigortuko da.
Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoaren egitasmoak 1 eta 4 urte bitarteko kartzela-zigorra ezarriko dio "bere baimenik gabe beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka egiten duen edozein sexu jokabideri", eta delitu arintzat hartuko du 'kaleko jazarpena' deiturikoa.
Hala jasotzen da astearte honetan, martxoak 3, Ministroen Kontseiluak onartu duen lege-aurreproiektuan. Bertan, abusuaren eta erasoaren arteko aldea ezabatzen da, eta sexu delituetan biktimaren adostasuna egon den ala ez jotzen du argitu beharrekotzat, gertaera erasotzat hartzeko indarkeria edo larderia egotea beharrezkoa izan ez dadin.
"Adostasunik ez dagoela ulertuko da baldin eta, inguruabarren arabera, biktimak ez badu harremanak izateko berariazko borondatea askatasunez eta zalantzarik gabe adierazi", jasotzen da legearen aurreproiektuan.
Berdintasun Ministerioak jakitera eman duenez, 1 eta 4 urte bitarteko kartzela-zigorrarekin zigortuko da sexu eraso oro, hau da, "bere baimenik gabe beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka egiten den edozein ekintza".
Ministerioak onartu nahi duen erreforma horren arabera, bortxaketa (zakila aluan sartzen denean) 4 eta 10 urte arteko kartzela-zigorrarekin zigortuko da, baina zigorra 12 urtera irits daiteke larrigarri bat badago. Bi larrigarri daudenean (armak erabili, tratu iraingarria eman edo talde-erasoa eginez gero), 15 urteko gehieneko zigorra ezarriko da delitu horrengatik (gaur egun indarrean dagoen Zigor Kodean aurreikusita dagoen moduan).
Berdintasun Ministerioak nabarmendu duenez, "beste delitu batzuetan hobekuntzak egin dira". Sexu jazarpeneko delituen kasuan, esaterako, 3 eta 7 hilabete arteko zigorrak edo 6 eta 12 hilabete arteko isunak (gehienez ere 24koak, kasu larrienetan) aurreikusten dira. Horrez gain, delitu arin gisa ere aurreikusten da, lokalizazio iraunkorreko zigorrarekin eta hilabeterainoko lan komunitarioekin, edo, bestela, isunarekin.
Espainiako Gobernuaren proposamenak lehen babesa jaso du gaur, baina behin betiko onarpenak "hilabeteak beharko ditu"; izan ere, orain organo aholku-emaileei bidali behar zaie egitasmoa, ondo azter dezaten, eta, ondoren, araua berriro onartu beharko da lege-proiektu gisa. Azkenik, neurriak diputatuen babesa beharko du Kongresura iristen denean.
Aurreproiektuak bere gain hartzen du 'soilik bai da bai' ezaguna, 'Manada' auziko lehen epai polemikoaren ostean ozen entzun zen aldarrikapena. Izan ere, epaileak abusu delitu batengatik zigortu zituen 2016ko sanferminetan neska gazte bat taldean bortxatzeagatik auzipetutako bost gizonak. Geroago, ordea, Auzitegi Gorenak zigorrak gogortu zituen, bortxaketa izan zela ebatzita.