Itxi

Frankismoa

Servinik maiatzean galdekatuko du Martin Villa ministro ohia, Madrilen

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Frankismoko krimenengatik jarritako kereila ikertzen ari den epaile argentinarrak Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenean Gobernazio ministro zenari hartuko dio deklarazioa.

Maria Servini epailea, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

Maria Servini epaile argentinarra, frankismoko krimenak ikertzen ari dena, Madrilera joango da eta Rodofo Martin Villa ministro ohia galdekatuko du maiatzaren 26an, Argentinako enbaxadan, Ceaqua plataformak jakitera eman duenez.

Frankismoko krimenak ikertzeko Argentinan abiatutako kereila babesten duen Ceaqua plataformatik adierazi dutenez, Sevini maiatzaren 23an iritsiko da Espainiara, eta 26an elkartuko da Martin Villarekin.

Ceaquak jakinarazi du Servinik ekainaren 4ra arte luzatuko duela bidaia, ez baita Villarekin bakarrik elkarrizketatuko, kereilaren aldekoak eta genozidio eta gizateriaren aurkako delituekin lotutako biktimak ere galdekatuko ditu.

Martin Villa Gobernazio ministro zen 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen 5 langile tiroz hil zituenean, eta Martxoaren 3ko Elkartea ere Ceaqua plataformaren barruan dago sartuta.

Martin Villak 2019ko abenduaren 11n deklaratu behar zuen hasiera batean, Buenos Airesen, baina Servinik 2020ra atzeratzea erabaki zuen ministro ohiak bai Espainiako Estatuan bai Argentinan deklaratzeko prestutasuna zuela ikusi zuenean.

Albisteak (1)