Itxi

Zaldibarko luizia

Arriolak Bizkaiko Batzar Nagusietan azalpenak ematea galarazi dute EAJk eta PSEk

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ingurumen sailburuak azalpenak emateko eskaeraren alde bozkatu du EH Bilduk, "beharrezkoa eta egokia" dela iritzita, eta "ezinbestekoa" da, PPren ustez, erantzukizunak argitzeko.

Zaldibar. Artxiboko argazkia: EFE

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak ez du Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren osteko kudeaketari buruzko azalpenik emango Bizkaiko Batzar Nagusietan, izan ere, EAJk eta PSE-EEk eskaera horren kontra bozkatu dute, sailburuak eman beharreko azalpenak dagokion tokian eman dituela arrazoituta. Horrela, atzera bota dute eskaria.

Zehazki, Elkarrekin Podemosek eskatu du Ingurumen sailburuaren agerraldia, Verter Recycling enpresarekin egin diren jarduerei buruzko azalpenak eman ditzan, baita bertako zaborrarekin zer egingo den jakiteko ere, besteak beste. Testuinguru horretan, EH Bilduk eta PPk agerraldiaren alde bozkatu dute. Luizia otsailaren 6an jazo zen, eta zabortegian lanean ari ziren bi behargin ordudanik daude desagertuta.

Elkarrekin Podemosen eskaeraren arabera, ezbehar horrek "osasunerako arrisku larria" eragin zien "babes egokirik gabe" lan egin zuten beharginei, zabortegiko hondakinen artean zegoen amiantoagatik, eta inguruko udalerrietako airearen kalitatea kutsatu zuten hainbat sute piztu ziren. Ildo horretatik, "Zaldibar, Eibar eta Ermuko bizilagunek" suak eragindako toxinak arnastu zituzten hurrengo egunetan.

"Gertaera horrek izandako ondorio larrietan oinarrituta, Elkarrekin Podemosek egokitzat jo du Ingurumen sailburua Bizkaiko Batzar Nagusietan agertzea", besteak beste zabortegia kudeatzen zuen enpresak zituen baimenei buruz azalpenak emateko eta luizia gertatu ostean Bizkaiko Foru Aldundiarekin garatu dituen koordinazio neurriei buruz hitz egiteko, baita Zaldibartik kentzen ari diren hondakinak eta lurrak nora eramaten ari diren esateko ere.

Hala, Arriolak azalpenak emateko eskaeraren alde bozkatu du EH Bilduk, "beharrezkoa eta egokia" dela iritzita, eta "ezinbestekoa" da, PPren esanetan, ezbeharraren inguruko erantzukizunak argitzeko.

Dena dela, EAJren eta PSEren kontrako botoek bertan behera utzi dute Arriolak agerraldia egiteko eskaria. Bi taldeek uste dute ez dela bidezkoa, sailburuak Eusko Legebiltzarreko batzordean eman zituelako azalpen guztiak, lehendakariarekin eta beste hiru sailbururekin batera otsailaren 18an egindako agerraldian.

Albisteak (3)