Koronabirusa
Espainiako Gobernuak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga itxi du
Agentziak | Erredakzioa
Marlaska ministroak iragarri duenez, gauerdiaz geroztik lurreko muga guztietan kontrolak daude, Espainiako Estatu osoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak astelehenean iragarri duenez, gauerdiaz geroztik Estatu osoko lurreko muga guztietan kontrolak ezarri dituzte berriz, alarma egoera bukatzen den artean.
Moncloako Jauregian egindako prentsaurreko batean zehaztu duenez, espainiarrak eta Espainian bizi direnak bakarrik sartu ahal dira, eta oraindik aletu ez dituzten salbuespen batzuk ere aurreikusi dituzte. Salbuetsita daude, halaber, bere jarduerarekin lotutako joan-etorrian dauden beste Estatuetako diplomazialariak eta garraio lanetan ari direnak, “jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna eta hornitze katea zaintzeko”.
Marlaskak adierazi du Europako gainerako Gobernuekin koordinatuta hartu dutela neurria, eta astelehen goizean ministro kontseilu telematikoa egin dutela Barne eta Osasun sailetako ordezkariek.
Itsas eta aire mugei dagokienez, bakarrik esan du aukera guztiak hartuko dituztela aintzat, unean uneko egoeraren arabera.
Astelehen goizean, Europar Batasuneko zazpi herrialdek (Austria, Hungaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Polonia, Lituania eta Alemania) zioten jakinarazia Europako Batzordeari barne mugetan kontrolak ezarri dituztela.