Koronabirus epidemia
COVID-19a antzemateko test azkarrak Euskadira noiz iritsiko diren galdetu du Urkulluk
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakariarentzat oinarrizkoa da "Osasun Ministerioak irizpide homogeneoak ezartzea diagnosi-testak egiteko".
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Euskadik osasun krisiari "bere baliabideekin" aurre egin diola "momentura arte", baina lehentasun nagusia "osasun materialen horniketa ziurtatzea dela". Horren harian, COVID-19a diagnostikatzeko test azkarrak Euskadira noiz iritsiko diren galdetu dio Espainiako Gobernuari.
Erkidegoetako presidenteekin bideokonferentzia bidez koronabirusaren krisiari buruz egindako bilera, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoera beste 15 egunez luzatzeko erabakiaren berri eman die, eta batasuna eta elkarlana eskatu die larrialdiko egoerari aurrera egiteko.
Urkulluk, berriz, Pedro Sanchezekin "lehentasunak eta premiak" partekatzen dituela esan du, eta Espainiako Gobernuko presidenteari argi utzi dio "elkarlanerako borondate osoa duela".
Lehendakariak azaldu duenez, "ezinbestekoa da Osasun Ministerioak irizpide homogeneoak ezartzea diagnosi-testak egin ahal izateko eta sendatutako pertsonen kopurua zein den jakiteko", izan ere, informazio hori "oinarrizkoa da arazoaren benetako tamaina neurtzeko eta arazoari behar bezala aurre egiteko".
Jaurlaritzak hartutako neurriak
Halaber, Jaurlaritzak osasun alorrean hartutako neurriak azaldu ditu Urkulluk: osasun sistema indartzeko berrantolaketa, telefonoz emandako aholkularitza eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak. Neurri horiek adinekoei, pertsona ahulenei zuzenduta daude. Era berean, konfinamendua betetzeko eta kontrolatzeko mahai teknikoa abian jarri da.
Neurri ekonomikoak ere aipatu ditu lehendakariak: enpresentzako eta autonomoentzako laguntzak, eta horien artean nabarmendu egin du Espainiako Gobernuarekin eta Gizarte Segurantzarekin koordinatzeko "premia" dagoela aldi baterako lan espedienteen eraginpean dauden langileen laguntzak azkartzeko.
Autogobernurako erakunde propioen garrantzia
Bestalde, eta Facebooken argitaratutako idatzi batean, COVID-19ak eragindako osasun krisian eta "ziurgabetasunezko testuinguruan, autogobernurako erakunde propioak izatearen balioa”" antzematen duela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. "Gure erakundeek babesa eta segurtasuna ematen dizkiete euskal gizarteko herritar guztiei", azpimarratu du.
Euskal gobernuburuak gogora ekarri nahi izan du du igande honetan Jose Antonio Agirre lehendakariaren heriotzaren 60. urteurrena betetzen dela.
"Bere familiarekin bat egiten dugu, Agirre oroitzeko eta omentzeko. Esker on eta aintzateste sakona sentitzen dugu bera oroitzean. Agirre lehendakariak momentu oso zailetan indarrak batzeko gai izan zen. Lehen euskal gobernua martxan jarri eta Euskadi instituzionalizatu zuen", adierazi du Jaurlaritzako buruak.
"Ezberdintasunak añde batera utzi"
Halaber, "aurrekaririk gabeko eta ezusteko zailtasun handiz betetako garaiak" bizi ditugula ohartarazi du lehendakariak, eta osasun krisiaren testuinguru honetan "ezberdintasunak alde batera utzi eta indarrak batzeko beharraren garrantzia" "bere osotasunean" ulertzen duela azpimarratu du.
"Zalantzaz betetako testuinguru honetan, autogobernurako erakunde propioak edukitzea zein garrantzitsua den baieztatu dugu. Gure erakundeek babesa eta segurtasuna ematen diete euskal gizartean bizi diren herritar guztiei. Egoera zail honetan, Agirre lehendakariak erakutsitako baloreak aldarrikatzen ditugu: humanismoa, justizia soziala, europar bokazioa eta unibertsala, demokrazia eta askatasuna", adierazi du artikuluaren amaieran.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.