Koronabirusa
Mendia ospitaleratu dute, pneumoniak eta COVID-19ak jota
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSEko buruzagiaren bikotekide eta Bilboko Udaleko zinegotzi den Alfonso Gilek ere positibo eman zuen, eta isolamenduan dago, etxean.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia Basurtuko ospitalera eraman dute, pneumonia eta koronabirusa atzeman dizkiotelako.
"Zenbait egun sukarrarekin eta gogo txarrarekin eman ostean, Basurtuko ospitalera joan naiz eta bertan geratzeko agindu didate, pneumonia daukadalako eta COVID-19aren proban positibo eman dudalako", adierazi du sare sozialetan idatzitako mezu batean.
Mendia Alfonso Gil Bilboko Udaleko zinegotziarekin ezkonduta dago, zeinak positibo eman zuen koronabirusaren proban. Joan den asteartetik isolamenduan dago, etxean.
"Birusak kutsatutakoen zerrenda luzeari gehitu natzaio, baina badakit laster sendatuen zerrendan egongo naizela. Pazientzia eta Osakidetzako langileenganako konfiantza osoa", erantsi du.