Koronabirusa
Jaurlaritzak lankidetza eta konpromisoa hitzeman dizkio Espainiako Gobernuari
agentziak | erredakzioa
Erkorekak esan du desadostasunek ez dutela elkarlana etengo, baina Lan ministroaren barkamen eskaerak agerian uzten duela Jaurlaritzak egindako kritikak arrazoizkoak zirela.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak jarduera ekonomikoa geratzearen inguruan izan dituzten desadostasunek ez dutela "lankidetza eta konpromiso falta" ekarriko koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko borrokan.
Erkorekak Gobernu Kontesiluaren ostean egindako agerraldian gogorarazi duenez, EAJko eta PSE-EEko sailburuek parte hartu duten batzarrean "erabateko sintonia" izan da, eta "erabateko adostasuna egon da jorratu ditugun gai guztietan".
Gainera, azpimarratu du igandean erkidegoetako presidenteekin egindako bileran ez zela Urkullu lehendakaria izan Sanchezen Gobernuaren neurriak kritikatu zituen bakarra, eta ez zela dekretua erkidego bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko beharra aldarrikatu zuen bakarra izan.
Neurriak hartzeko moduari eta prozedurari dagokionez, Erkorekak uste du Yolanda Diaz Lan ministroaren barkamen eskaerak "dena" esaten duela, eta agerian uzten duela Jaurlaritzaren kritikak arrazoizkoak zirela.
"Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa erakunde guztien arteko lankidetza da, baita Espainiako Gobernuarekin ere, osasun krisia ahal bezain laster gainditzeko", azpimarratu du.
EAJk Pedro Sanchezekin duen konfiantza txikitu ote den galdetuta, erantzun du Jaurlaritzak ez duela ezer esateko gai horren inguruan, eta alderdi politikoen arteko harremanari dagokiola.