Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Erkoreka: "Enpresa askotan gutxieneko jarduerari eusteko aukera dago"

Radio Euskadi | Erredakzioa

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadin ziurtatu duenez, "gaur egun ez dago zainketa intentsiboen unitateak gainezka egiteko arriskurik".

Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: Radio Euskadi

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadiko Boulevard albistegian aurreratu duenez, azken 24 orduetan koronabirusean positibo emandako kasuak nabarmen igo dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baina datu ezkorra "inoiz baino 1.500 proba gehiago" egin direlako eman dela ziurtatu du. Ildo horretatik, datu orokorrak ikusita kutsatu berrien kasuak egonkortzen hasi direla ikus daitekeela adierazi du. Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "mundu mailan proba gehien egiten dituzten tokien artean lehena da Euskadi. Tasa hori Korearen eta Italiaren parean dago; 8.000 test egiten dira milioi biztanleko".

"Gaur egun ez dago zainketa intentsiboetako unitateak gainezka egiteko arriskurik", esan du Erkorekak COVID-19 gaitza atzeman dieten paziente guztiak behar bezala artatzeko egon daitezkeen arazoen inguruan. "Hemen ditugun ospitaleak ohe gehiagorekin egokitu dira, kanpainako ospitalerik gabe, arreta eta prestazio berme gehiago eskaintzen dituelako horrek", nabarmendu du. "Zainketa intentsiboetako unitateen erabilgarritasuna 356koa da uneotan, normalean 220koa denean. 53 ohe gehiago prestatu dira eta 70 libre daude". Erkorekak uste du "lasaitasuna" egon daitekeela ospitaleen gaitasunari dagokionez.

Alabaina, Josu Erkorekak aitortu duenez, norbera babesteko materiala eskuratzea "lehia izugarri" baten ondorioz zaildu da, eta "dagoeneko ordainduta dauden eskaera batzuk ez dira gauzatzen hegazkinak ezin direlako irten edo beste leku batean lurreratu direlako". Bere ustez, norbera babesteko ekipamendu gehiago behar dira. Hala, "10 egun baino gehiagoko atzerapenek" ez dute gaixoak "behar den premiarekin" artatzea ahalbidetzen. "Txinatik 150 arnasgailu iristear daude", adierazi du Erkorekak. "Horrek zainketa intentsiboetako unitateetako ohe guztiak behar bezala hornitzeko aukera emango digu".

"Espainiako Gobernua konturatu da alde bakarrez hartuta neurriak hausnarketa handiagoa eskatzen zuela". PSOEren eta EAJren buruzagien artean sortu diren desadostasunen inguruan adierazpenak egitea saihestu du Erkorekak, eta autonomia erkidego gehiagok koalizio-gobernuaren komunikazio falta kritikatu dutela gogorarazi du. Erkorekaren esanetan, dekretuari buruzko interpretazio-oharren ostean, "giroa lasaitu egin da, orain aginduak ez baitu erabateko itxiera ezartzen, ekonomia suspertzea ahalbidetuko duen gutxieneko jarduera eustekoa baizik".

"Langileen osasuna erabateko lehentasuna izanik, posible den jarduera ekonomiko guztia mantentzea ahalbidetuko duen formula batekin uztartu behar da". Hala, ekonomiaren eta osasunaren arteko hautua "gezurrezko dilema" dela esan du. Horrez gain, indarrean dauden konfinamendu neurrien altxamendua mailakatua izango dela aurreikusten du, adibidez, "adinekoek etxean jarraitu beharko dute; gazteek, berriz, askatasun handiagoa izango dute", eta "birusa gainditu eta immunizatuta dauden pertsonek erabateko askatasuna izango dute".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Albisteak (2)