APIRILAK 12
Aberri Eguna Euskal Herri osoan 'batera' ospatzeko ekimena aurkeztu dute
EITB.EUS
"2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea" proposatu du Euskal Herria Batera ekimenak, 12:00etan, balkoi eta leihoetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Datorren igandean, apirilaren 12an, Aberri Eguna izango dela eta, Euskal Herria osoan batera ospatzeko deia egin dute hainbat pertsonak Euskal Herria Batera ekimenaren bidez. Aberri Egun bateratua ospatu nahi dute balkoietan, euskal komunitateak duen erabakitzeko ahalmena defendatu eta eskubide guztien jabe izango den euskal nazioa aldarrikatzeko.
"Aurtengo Aberri Eguna ezin dugu kalean egin, osasun larrialdia medio. Ezintasun horrek berak, ordea, aukera ematen digu euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko" azaldu dute ohar batean.
Apirilaren 12an balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzeko deia egin dute, eta eguerdian, balkoi eta leihoetan elkarrekin kantatu eta argazki mosaiko erraldoi bat osatzea.
"Osasun itxialdiaren zama arintzeko, batera irteten ari gara etxeetako balkoietara eta leihoetara, kantuan egiteko eta txalo jotzeko. Elkarrekin aldi berean egindakoak babesa eta indarra ematen digulako. Euskal Herrian batera egiten dugunak elikatzen du sendotu nahi ditugun komunitate sentimendua eta herri kontzientzia. Horregatik, proposatzen dugu 2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea. Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarrenganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena" zehaztu dute deitzaileek.
Krisialdi honetan "euskal komunitateak bere indarra" erakutsi duela berriro ere adierazi dute Euskal Herrria Batera ekimeneko deitzaileek, eta "oinarri horren gainean, eta etorkizuneko erronkei begira, lankidetza aldarrikatu nahi dugu erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen batera jarduteko, egoerak hala eskatzen duenean. Eztabaida demokratikoaren gainean eraikitzen den lankidetzak indartuko baitu gure herri izaera, sentimendu eta nortasun desberdinekin osatua. Indar horrek eramango du gure herria erabakimena duten herri libreei dagozkien eskubide politikoen jabe izatera".
Hala, egungo alarma egoera hau "Aberri Egunari zeregin berri bat emateko" baliatu nahi dute: "euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean".
Datozen egunetan emango dituzte ekimenaren inguruko xehetasunak.
Sustatzaileak:
1. Ainhoa Aiensa Laborda, Supermerkatu baten langilea. Iruñea, Nafarroa Garaia.
2. Aitor Servier Etxexuri, Bertsolaria. Azkaine, Lapurdi.
3. Amaia Merino Unzueta, Zinemagilea. Barañain, Nafarroa Garaia.
4. Amaia Nausia Pimoulier, Historialaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
5. Angel Oiarbide Ruiz, Arkitektu teknikoa. Idiazabal, Gipuzkoa.
6. Basilio Garcia Mayo, Udaltzaina. Amurrio, Araba.
7. Carlos R. Etxepare Rambosio, Kazetaria. Buenos Aires, Argentina.
8. Carlos Martinez Etxeberria, Ikaslea. Murchante, Nafarroa Garaia.
9. Cristina Jacas Mateu, Suhiltzailea. Soraluze, Gipuzkoa.
10. Estitxu Garai Artetxe, Publizista. Gordexola, Bizkaia.
11. Gaizka Aranguren Urrotz, Kazetaria. Iruñea, Nafarroa Garaia.
12. Iker Villa Baraja, Musikaria. Barakaldo. Bizkaia.
13. Iñaki Dorronsoro Plazaola, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. Ataun, Gipuzkoa.
14. Iñaki Pujana Aguirre, Garraiolaria. Dima, Bizkaia.
15. Iratxe Gonzalez Morcillo, Medikua. Portugalete, Bizkaia.
16. Josu Camara Izagirre, Aktorea. Lezama, Bizkaia.
17. Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzalea. Tolosa, Gipuzkoa.
18. Maddalen Arzallus Antia, Bertsolaria. Hendaia, Lapurdi.
19. Maialen Sáez de Okariz Ruiz de Sabando, Erizaina. Gasteiz, Araba.
20. Marijo Monco Garcia, Garbitzailea. Lezo, Gipuzkoa.
21. Markel Susaeta Laskurain, Futbolaria. Eibar, Gipuzkoa.
22. Mario Zubiaga Garate, EHU-UPVko irakaslea. Durango, Bizkaia.
23. Mikel Irizar Intxausti, Jubilatua. Elorrio, Bizkaia.
24. Nerea Loron, La Furia, Abeslaria. Cascante, Nafarroa Garaia.
25. Pello Otxandiano Kanpo, Injenieroa. Otxandio, Bizkaia.
26. Terexa Lekunberri Indart, Antropologoa. Ortzaize, Nafarroa Beherea.
27. Xabier Barandiaran Irastorza, Soziologoa. Ataun, Gipuzkoa.