Itxi

Apirilak 12

EH Bildu, Euskal Herria Baterarekin, Aberri Egunean; EAJk bere ospakizuna egingo du

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

EH Bilduk eta EH Baik argazki mosaikoan parte hartzeko eta leiho eta balkoietatik kantatzeko eskatu diete herritarrei. EAJk, aldiz, bere ekitaldiak antolatuko ditu.

2015eko Aberri Eguna Iruñean. Argazkia: Efe

EH Bilduk eta EH Bai Ipar Euskal Herrikoak bat egin dute Euskal Herria Batera ekimenak konfinamenduan Aberri Eguna ospatzeko egindako deialdiarekin. EAJk, aldiz, adierazi du Aberri Eguna Ospatzeko ekimen guztiak babesten dituela, baina bere ekitaldiak egingo dituela; asteazkenean iragarri du zeintzuk izango diren ekitaldi horiek, dagokion agiria argitaratuta.

Eukal Herria Batera plataformak, tartean Gure Eskun ibilitako jendeak osatzen duenak, proposatu du igandean, apirilaren 12an, Aberri Eguna ospatzeko "argazki mosaikoa" egitea eta "balkoietan eta leihoetan kantatzea", osasun krisiagatik kalean ezingo delako ospakizunik egin.

Hala, EH Bilduk eta EH Baik gaur iragarri dute bat egiten dutela ospakizunarekin. Izan ere, euskal herritarrek "globalizazioaren eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna bat dugu eskuartea: burujabetza", adierazi dute, eta horrek bermatuko duela "herri gisa bizirik jarraitzea eta gizarte justuagoa eraikitzeko baliabideak eskuratzea".

"Horren harira, bat egiten dugu Euskal Herria Baterak egindako deialdiarekin, eta euskal gizarteari igandeko ekimenean parte hartzeko eskatzen diogu", azaldu dute.

"Euskal Herriaren sinboloa elkarrekin osatzeko deia egiten dizuegu, norberak bere nahia argazki batean irudikatu eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoia marrazteko", gaineratu dute.

Osasun krisi eta konfinamendu egoera honetan, koalizio abertzaleek osasun alorreko beharginak egiten ari diren lana txalotu dute, eta baita bestelako lanetan dihardutenena ere, tartean "nekazariak, zaborra jasotzen dutenak, garraiolariak, supermerkatuetako langileak edo okinak". Baina "aipamen berezia" egin nahi izan diete euskal presoei, "Espainiako eta Frantziako estatuek sufrimendu espetxealdia luzatzen" dietelako.

EAJk bere ekitaldiak deituko ditu

Testuinguru honetan, EAJk, astelehenean jakinarazi duenez, ez du bat egingo Euskal Herria Baterako ekimenarekin, eta bere ekitaldiak bultzatuko ditu.

Alderdi jeltzalearen iturriek gogora ekarri dutenez, EAJk sortu zuen Aberri Eguna, duela 88 urte, eta "bizitza osoa" darama jendea animatzen leihoetan ikurrinak eskegitzera: "Aurten, are gehiago", gainera; izan ere, balkoiak "ikur" bilakatu dira, konfinamenduagatik.

EAJk, hortaz, ez du bat egingo Euskal Herria Baterako ekimenarekin, eta bere ospakizuna antolatuko du; horretan ere jarriko dira ikurrinak leihoetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (1)